Realak Manchester Uniteden aurka jokatuko du final-hamaseirenetan
Realak dagoeneko badaki zeinen aurka jokatuko duen Europa ligako final-hamaseirenetan, eta ez da kanporaketa erraza izango txuri-urdinentzat: Manchester United izango da donostiarren aurkaria. 13:00etan hasi da Europa ligako final-hamaseirenetako norgehiagoken zozketa Suitzan, eta Realak ez du asko itxoin behar izan bere aurkaria ezagutzeko, hirugarren parekatzea izan baita.
Txuri-urdinei ez zaie aurkari batere erraza egokitu, Txapeldunen Ligatik jaitsi baita talde britainiarra, multzokako fasean bere taldeo hirugarren sailkatua izan ostean. Hala ere, Alguacilen mutilak edozein talde garaitzeko gai direla erakusten ari dira denboraldi honetan, eta Manchester United ez dago bere unerik onenean: ligan zortzigarren sailkatua da, Reala lehenengo postuan dagoen bitartean. Kanporaketako lehenengo partida 2o21eko otsailaren 18an jokatuko dute Anoetan, eta bigarrena Old Trafforden, otsailaren 25ean; bietako ordua zehazteke dago oraindik.
Deabru gorriena izen handiko eta nazioarteko lehiaketetan esperientzia handia duen taldea da, eta badakite zer den Europa liga irabaztea, 2016/2017 denboraldian txapeldunak izan baitziren, Jose Mourinho entrenatzailearen aginduetara. Realak eta Manchester Unitedek 2013/2014 denboraldian jokatu zuten elkarren aurka azken aldiz, Txapeldunen Ligako multzokako fasean. Bi taldeak zeharo desberdinak ziren orduan, eta Reala ez zen gai izan britainiarrak garaitzeko: 0-0 berdindu zuten Anoetako partidan, eta 1-0 irabazi zuen Manchester Unitedek Old Trafforden.