Bi gazte atxilotu zituzten atzo, Ertzaintzaren jokabidearen aurka egindako manifestazioan

Larunbat iluntzean, Trinitate plazan zeuden hainbat gazteren aurka “gogor oldartu ziren” zenbait ertzain. Istiluek Konstituzio plazan jarraitu zuten, eta hainbat gazte identifikatu zituzten. Gertatutakoa salatzeko, atzo iluntzean 400 gazte inguruk manifestazioa egin zuten Parte Zaharreko kaleetan, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak deituta. Manifestazio lasaia izan zen, Ertzaintzaren jokabidea salatu zuten hainbat aldarrirekin.
Hala ere, manifestazioa bukatzean, Ertzaintza Narrika kalean azaldu zen eta istiluak izan ziren. Bi gazte atxilotu zituzten. Alde Zaharreko Gazte Asanbladak babesa adierazi die bi atxilotuei, eta hala azaldu dute atzo iluntzean gertatutakoa: “Manifestazioa bukatuta zegoela, polizia auzoko gazte bat atxilotzen saiatu zen. Egoera honen aurrean manifestariak gaztea babestera gerturatu ginen. Momentu horretarako zipaioek posizioak hartu zituzten, kargatzeko prest. Egoera berri honen aurrean gazteak defendatzeko hautua egin eta orduan hasi ziren kargak eta istiluak. 22:00etarako jendea bere etxera bueltatu zen, baina poliziak auzoa militarizatu zuen ordu luzez”.
Larunbat iluntzean inor atxilotu ez bazuten ere, Parte Zaharreko hainbat gazte identifikatu zituzten. Alde Zaharreko Gazte Asanbladak hala azaldu du larunbat iluntzean gertatutakoa: “Oso modu oldarkorrean eta mehatxuka, Trinititate plazan ginen gazte guztiak identifikatu eta katxeatuko gintuztela agindu ziguten, isuna jartzeko asmotan. Jarrera onartezin horren aurrean eta identifikatzeko arrazoirik ez zutelako, plazatik irteten hasi ginen. Haiek egoera hori ikusterakoan, gogor oldartu ziren gure aurka, jendearen atzetik korrika eta egurra banatzen, errefortzuak eskatzen zituzten bitartean. Argi diogu: ez zegoen jende pilaketarik ezta boteloirik, eta ez genuen inongo momentutan polizia erasotu”. Konstituzio plazan istiluek jarraitu zuten, eta hainbat gazte identifikatu zituzten, “poliziaren indarkeria grabatzeagatik”, besteak beste. Pertsona bat ere atxilotu zuten, baina igandean atera zen kalera.
Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren arabera, “gazte-kriminalizazioaren beste adibide bat” da gertatutakoa. “Atzoko gertaerek berresten dute poliziak duen inpunitatea”, gehitu dute gazte asanbladakoek.
Eneko Goia Donostiako alkateak atzoko gertaerak “ulertezinak” direla esan du.