Gilda Egunaren seigarren edizioa egingo dute larunbatean
(Argazkia: Gildaren kofradia) Larunbatean, hilaren 19an, Gilda Egunaren seigarren edizioa egingo dute, Gildaren eta Pintxoaren Kofradiak antolatuta. Guztira, Gipuzkoan 100 tabernek egin dute bat egunarekin, eta Donostian, zehazki, hogeik hartuko dute parte. Establezimendu horietan, gilda euro baten truk dastatu ahalko da.
Gainera, egun horretan, aurten hildako bi ostalari omenduko ditu kofradiak, “Donostiako gastronomiarekin eta, bereziki, gildarekin” izandako konpromisoagatik: Valles tabernako Antxon Valles, eta Aloña Berri tabernako Jose Ramon Elizondo. Omenaldia Gilda Innova lehiaketaren bigarren edizioan egingo diete. Lehiaketa horretan hainbat sukaldarik parte hartuko dute, eta helburua da azeituna, antxoa eta Ibarrako piperra erabiliz eta nahi adina osagai gehituz, pintxo tradizionalaren bertsio gaurkotua sortzea. 16:00etan hasiko da, Palacio de Aiete hoteleko Bera-Bera jatetxean.
La Oreja de Van Gogh, 2020ko enbaxadorea
Aurtengo edizioan, programa murriztu dute pandemiagatik. Hala ere, urtero bezala, Gildaren enbaxadore berri bat izendatu du Kofradiak: La Oreja de Van Gogh. Lehen aldia da kultur arloko eragile bat Gildaren enbaxadore izendatzen dutela. “Zaila dela Mexikon, Perun eta abarretan gildak aurkitzea. Etxera iristean, gilda bat hartzen duzunean, une horretan badakizu azkenean etxean zaudela”, nabarmendu du Leire Martinezek, taldeko abeslariak.

