Indotxinako katagorri bat aurkitu dute Ulian
Parkea Bizirik elkarteak adierazi du espezie inbaditzailea dela, eta Gipuzkoako Aldundiaren eta Jaurlaritzaren Ingurumen sailak ohartaraziko ditu.
Uliako aterpetxean ikusi dute Indotxinako katagorria (Callosciurus finlaysonii). Gure inguruko katagorri arruntaren (Sciurus vulgaris) antzeko tamaina duen urtxintxa bat da. Ekialde urrunean, Myanmarren, Thailandian, Laosen, Kanbodian, Vietnamgo Mekongen deltan eta Singapurren, oso hedatua dago. Italian ezarritako espezie bat da. Hala azaldu du Parkea Bizirik Elkarteak.
Egiako Rafa Irastorza bizilagunak ikusi du katagorria, Ulian paseatzen ari zela: “Katagorri exotiko mota bat eskutik jatera beldurrik gabe hurbildu zitzaion larunbatean”. Argazkiak egin zizkion eta animaliaren hainbat irudi Parkea Bizirikeko kide bati bidali zizkion. “Gure inguruan animalia honi buruzko aipurik ez dagoenez, argazkiak Gipuzkoako beste naturalista batzuei birbidali dizkiegu. Argazkiak bolo-bolo hedatu dira eta hartzaile guztiak zur eta lur gelditu dira, harik eta Itsas Enara Elkarteak identifikatu eta bere izen arrunta eta zientifikoa ezagutzera eman dituen arte: Indotxinako katagorria (Callosciurus finlaysonii)”.
Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Ulian agertutako Indotxinako urtxintxa espeziea Europan biodibertsitatea mehatxatzen duten espezie aloktono inbaditzaile okerrenen artean katalogatu du. Animalia exotiko horiek maskota gisa saltzeak eta erosteak espezieen legez kanpoko trafikoa bultzatzen du eta ingurumenean zein animalien bizitzan kalte larriak eragiten ditu.
Parkea Bizirik elkarteak ohartarazi du naturan maskotak askatzea edo espezie exotikoak ezartzea, jada kili-kolo dauden ekosistemen orekentzako mehatxu larria izan daitekeela, eta, halaber, hemengo flora eta fauna espezieak desagertzea ekar dezakeela, gehienak legeak babesten dituenak.
Ulia mendiak badu bere urtxintxa autoktonoa, katagorri arrunta. Fruituak bildu eta lurrean zulatzen dituen zulo txikietan lurperatzen ditu, hobeto kontserbatzeko. Zulo horietako batzuk gerora ahaztu egiten ditu; orduan, fruituak ernetzen dira, eta urtxintxak ekosistemen basoberritzearekin eta landare-espezieen sakabanatzearekin laguntzen du.
Bertako espezieen zaintza eta kontserbazioa babesteko asmoz, Naturkoneko hainbat naturzalek (Gipuzkoako elkarte naturalistak biltzen dituen kolektiboa), Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen departamentuei albistea helaraziko dietela jakinarazi dute.