Parte Zaharreko istiluak "ulertezinak" direla esan du Eneko Goiak

Eneko Goia alkateak Parte Zaharrean atzo eta larunbatean izandako istiluen inguruan hitz egin du, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. “Ez dira gertakari atseginak”, azpimarratu du, eta indarrean dauden osasun neurriekin “ulertezinak” iruditzen zaizkiola.
Larunbatean, Trinitate plazan zeuden hainbat gazteren aurka oldartu zen Ertzaintza. Istiluek Konstituzio plazan jarraitu zuten, eta hainbat gazte identifikatu zituzten. “Gazteen kontrako erantzuna jaso zuten ertzainek, eta horrek istilua eragin zuen”, azaldu du Goiak. Pandemia egoeran ezarritako neurriekin herritarrek “betebeharrak” dituztela gogoratu du, eta duela ez asko gertaturiko beste kasu bat aipatu du: “Sagues itxi egin behar izan genuen jende asko metatzen zelako. Erabakiak ez zuen kontrako jarrerarik izan”.
Goiak, beste hainbatetan egin duen bezala, pandemiaren ondorioz ezarritako neurrien aurrean “arduraz jokatzeko” eskatu die donostiarrei.
EAk kezka agertu du
Donostiako Eusko Alkartasunak “lasaitasunerako eta erantzukizunerako” deia egin du, eta “kezka agertu du” azken egunotan Parte Zaharrean izan diren istiluen aurrean. “Istiluetan petardoak/suziriak eta objektu sendoak bota zitzaizkion Ertzaintzari, edukiontziak gurutzatu ziren eta gure hirian bizikidetza demokratikoa eraikitzen batere laguntzen ez duten kontsignak oihukatu ziren. Donostiako gizarteak itzuli nahi ez duen iraganarekin lotzen diren irudiak”. Era berean, hilaren 12an Konstituzio plazan gertatutakoaren hainbat bertsio argitaratu direnez, “benetan gertatutakoa” ezagutzeko ikerketa bat egitea gomendatu dute.