'Bateragune auziko' epaiketa berriro egingo dutela salatzeko, elkarretaratzea egingo dute larunbatean
Bateragune auziko epaiketa berriro egingo dutela erabaki zuen astelehenean Espainiako Auzitegi Gorenak. Berriro epaituko dituzte Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez, nahiz eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen ez zutela epaiketa justurik izan. Epaiketaren errepikapena salatzeko, elkarretaratzea egingo dute larunbatean Alderdi Ederren, 17:00etan, Demokrazia lelopean. Ugari dira elkarretaratzera deitu duten alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialak: ELA, LAB, Steilas, ESK, Ahal Dugu, Ezker Anitza, EH Bildu, Nafarroako Ezker Batua, EH Bai, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat, hain zuzen.