Dbuseko gidariek ibilbide seguruago bat eskatu dute Kontxako pasealekua ixten den egunetarako
Donostiako Udalak Kontxako pasealekua ibilgailuentzat ixtea erabaki zuen igande eta jai egunetan. Erabakia abian jarri zutenetik, Dbuseko hainbat gidari kexatu dira udalak zehazturiko ordezko ibilbidea arriskutsua delako. Batez ere, Sanserreka kalean. Hori dela eta, Dbuseko enpresa batzordeak –Kurpil, LAB, ELA eta UGT sindikatuek osaturikoak– egoera salatu du ohar baten bidez, eta udalari ibilbide seguruago bat zehazteko eskatu diote.
IRUTXULOKO HITZAk Dbuseko Josu Iribar gidariarekin hitz egin du. “Kontxako pasealekua ixten hasi dira oinezkoek lasai ibiltzeko, eta ondo iruditzen zaigu. Ordea, ordezko ibilbidearekin eman diguten irtenbidea ez da batere egokia. Sanserreka kaletik pasatzen gara bolumen handiko autobusekin, eta bi autobusek topo egiterakoan arazoak sortzen dira. Era berean, bihurguneetan auto eta motorrekin topo eginez gero zerbait larria gertatu daiteke”, azaldu du Iribarrek. Kale horretatik ibiltzeak beldurra ematen diela gaineratu du. “Horregatik, ibilbide seguruago bat eskatzen dugu guretzat eta erabiltzaileentzat”.
Igandean, hilaren 20an, udalak ez badu “irtenbide bideragarri” bat ematen langileak mobilizazioekin hasiko direla iragarri dute.