Ondra laukote donostiarrak askotariko doinuak uztartu ditu estreinako diskoan
Donostiako Ondra taldeak Su itzaletan lehendabiziko diskoa argitaratu du. Bederatzi abesti ditu, eta beraien hitzetan horrelako musika jorratzen dute: “Ondra sortu zenetik argi izan dugu gure musikak barrenetik ateratzen diren sentsazio eta mezuak gordeko zituela. Sentimen horrek tiratuta, Pop eta Folkaren base melodikoen eta Rock eta Metalaren sendotasunaren arteko orekan ekin diogu gure ibilbideari”.
Lau musikarik osatzen dute banda: Xabi Urkia (gitarra), Peru Arregi (ahotsa eta gitarra), Iker Garcia (bateria) eta Leyre Alecha (baxua). Diskoa Oiartzungo Lezoti estudioetan grabatu zuten, eta osorik entzun daiteke plataforma digitaletan. Baita ere, laukotearen Bandcamp atarian.