Plan orokorraren arau aldaketak etxebizitza turistiko gehiago baimenduko dituela salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak
Abenduko udalbatzarrean, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak behin-behinean onartu du Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) hirigintza arau orokorren aldaketa. Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek azaldu duenez, artikuluen moldaketak “funtsezkoak” dira eta “hirigintza alorrean dauden zalantza batzuk argituko ditu”. Aldaketa prozesuan aurkezturiko zuzenketa gehienak baztertu ditu udal gobernuak.
Arau aldaketek, besteak beste, hiru arlotan izango dute eragina. Etxebizitzetan balkoiak eta terrazak egiteko baimena emango dute, etxebizitzen batez besteko tamaina handituko da zatiketak errazteko, eta bizitegi eraikinak hoteletan bihurtzeko eskakizunak gogortuko dira. Udal gobernuak azaroa bukaeran eman zuen horren berri. Ordea, ez zuten aipatu aldaketek etxebizitza turistikoei ere eragiten dietela.
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak plan aldaketaren kontra bozkatu dute, eta kritiko agertu dira bereziki etxebizitza turistikoei eragiten dien arau aldaketarengatik. Bi udal taldeek adierazi dute Plan Orokorraren aldaketak etxebizitza turistiko gehiago baimenduko dituela. “Harrigarria da EAJk eta PSE-EEk ehunka etxebizitza turistikoren legalizazioa onartzea. Bilbon egin dutenaren kontrakoa egiten ari dira. Plan Orokorrean muga ezarri diete etxe turistikoei”, azaldu du Ricardo Burutaranek, EH Bilduko zinegotziak. Kritikak horren aurrean, Arzallusek ondorengoa adierazi du: “Guk ez dugu etxebizitza turistikoak jartzea erraztuko, aldaketa honekin horiek erregulatzea da asmoa”.