Reala esku hutsik itzuli da beste behin Camp Noutik
Alexander Isak, Bartzelonaren aurkako partida batean. (Argazkia: Reala) Beste behin, Realak ezin izan zuen punturik eraman Camp Noutik. Hala izan da 1995etik eta hala izan zen atzo ere. William Josek partidako lehen gola sartu izanagatik ere, Bartzelonak erritmo hobea izan zuen, batez ere lehenengo zatian, eta baloia, batik bat, txuri urdinen zelaian izan zen. Jordi Albak berdindu zuen partida, brasildarrak gola sartu eta hiru minutura, eta atsedenaldira joateko bi minutu geratzen zirenean De Jongek sartu zuen 2 eta 1ekoa.
Bigarren zatian, Realak jarrera aldatu zuen. Lehenengo ordu laurdenean Bartzelonak hobea izaten jarraitu zuen, baina azkeneko ordu erdian apurka-apurka partidari buelta ematea lortu zuten txuri urdinek. Ordea, ez emaitzari, Isaken eta Monrealen aukera onak kanpora joan baitziren, eta Ter Stegenek ere baloiren bat edo beste sartzea ekidin baitzuen.
Realak lider izaten jarraitzen du, baina lider bakarra izateko aukera aparta galdu du.

