Antigua zergatik da 'antigua'?
Antiguako biztanle askok Erdialdera joaten direnean, "Donostiara noa" esaten dute, baina beharbada ez dakite haien auzoan sortu zela Donostia. Hain zuzen, 1180an Antso Jakitunak egungo Donostia Urgullen magalean sortu baino lehen, "donostiarrak" bizi ziren Antiguan.

Antigua al da Donostiako auzorik zaharrena? Auzoaren izenaren logika jarraituz, behintzat, antzinakoa izan behar du. Baina antzinakoena da? Izatez, ez. Gizakiaren lehen aztarnak Donostian duela 25.000 urtekoak dira: Ametzagainan aurkitu dute garai hartako industria litikoa. Beraz, auzo zaharrena ez da. Bestetik, historiaurrekoa ez, baina agian Historiako auzo zaharrena da? Donostiari 1180. urtean eman zion hiri-gutuna Antso Jakituna Nafarroako erregeak, eta orduko Donostia egungo Parte Zaharra zen. Beraz, zerk egiten du Antigua auzoa antigua?
Gaur egun Miramar jauregia dagoen tokian San Sebastian monastegia zegoen, eta Done Jakue bideko erromesek bertan atsedena hartzen zuten, Galiziara bidean. Donostiako hiribildua egungo Parte Zaharrean sortu bazen ere, lehen biztanleak egungo Antiguan bizi ziren, hiriari izena eman zion monastegiaren inguruan. Sanctum Sebastianum de Ernani izenarekin azaltzen da lehen aldiz historian Donostia, Antiguako biztanle horiei erreferentzia eginez.
Nekazariak eta arrantzaleak
San Sebastian monastegiaren inguruan bizi ziren herritarrak nekazariak ziren, baina arrantza ere egiten zuten, Urumea ibaiaren korronteetatik libre. Gainera, eremu zingiratsua zen, Fernando Hierroren artelanak irudikatzen duen moduan.
Baina nondik dator Antigua izena? Urgullen magalean hiria sortu zutenean, San Sebastian monastegiaren inguruko eremuari San Sebastián el Antiguo deitu zioten, sortu berria zen hiribildutik haien bizitokia bereizteko. Beraz, denborarekin Antiguo edo Antigua izenarekin geratu zen auzoa. XIX. mendean zingirari espazioa kentzean, sortua zen aspaldiko Antigua.