Espainiako erregetzarekin eta armadarekin lotura estua du Loiolako hipikaren historiak
Peñafloridako kondeak Espainiako armadari saldutako lurretan eraiki zen hipika, eta, horretarako, eremuan zeuden hainbat baserri hustu eta maizterrak kanporatu ziren.
Militarrak ez dira Loiolatik mugituko. Kuartela utzi, Urumea ibaiaren albo batetik bestera pasa, eta hipikara mugituko dira. Lekualdaketa, beraz, metro gutxi batzuetakoa izango da. Hori da, behintzat, Espainiako Defentsa Ministerioaren asmoa. Hipikako lurrak Defentsa Ministerioarenak dira, eta une honetan kuarteletan dauden 500 bat militarrentzako eraikin berria han eraikitzeko asmoa dute. Horretarako, Donostiako Udalak Loiolako kuartelen lursailak erosteko ordainduko duen dirua erabiliko dute. Prezioa datorren urtean osatuko duten batzorde batean erabakiko dute.
Loiolako hipikaren jatorriak eta historia laburrak izen propio ugari ditu. Alfontso XIII.a erregea da aurrenekoa. Haren ardurapean sortu zen Donostiako Hipika Errege Elkartea 1916an, hirian zaldiketa sustatzeko kirol eta gizarte klub gisara. Hasiera batean, elkartearen instalazioak Ondarretako hondartzan eta Lasarte-Oriako hipodromoan zituzten. Gerraostean, 1944ko abuztuaren 4an, Loiolako lurretan ezarri zuten kluba, Pedro Pimentel jeneral frankistaren esku-hartzeari esker –Loiolako hipikaren sortzailetzat du elkarteak–.
Loiolatik Martutenerako bide zaharrean, Zorroagara igotzeko bidegurutzean, eraiki zituzten instalazioak. Lur horiek Joaquin Mendizabal Peñafloridako kondearenak ziren, –Aranzadi Zientzia Elkartearen sortzaileetako bat izan zen–, eta militarrei saldu zizkien. Informazio hori Asier Agirresarobek eta Josu Tellabidek jaso zuten Urumeako arroaren kultura-paisaia azterlanean. «Militarrek 1940ko hamarkadan eskuratu zituzten hipika eraikitzeko lurrak. Horretarako, Mendizabal familiak bere jabetzako finka batzuk saldu zizkien; Kaperoenea, Bideondo eta Elkano. Olazabaldegi baserriari geratzen zitzaizkion lursail apurren jabe ere egin ziren». Donostiako Errege Hipika Elkartearen webgunean Kapuene Berri baserria ere aipatzen da, nahiz eta ez dagoen eraikin horren inguruko beste erreferentziarik.
Agirresarobe eta Tellabideren ikerketaren arabera, 1940ko hamarkadan eraiki zuten Loiolan hipika. «Zalditegi, zaldi-heztegi eta zelaiez gain, elkarteko egoitza nagusi gisa, eta aldi berean jatetxe, pabiloi dotorea eraiki zuten». Jose Maria Iturriaga arkitektoak diseinatu zuen. Aipaturiko guneekin batera, jatetxea, 40×80 metroko pista nagusia, hiru tenis pista, igerileku bat eta beste eraiki ziren eremuan.
Etxeberria familia
Kaperoenea baserriak aipamen berezia merezi du. Loiolatik Martutenerako bide zaharraren ezkerrean, muino txiki baten gainean zegoen. Handia eta ederra zela zioten ezagutu zutenek. Etxeberria familia bizi zen han, eta Peñafloridako kondeak militarrei lursail osoa saltzerakoan, maizterrak alde egitera behartu zituen. Desjabetzeko modua bidegabea izan zela irakur daiteke Felix Elejaldek idatzitako Behin batean Loiolan liburuan. Carmelo Ibarburu loiolatarraren testigantzaren arabera, lursailak saldu eta «gauetik goizera» kanporatu zituzten.
Etxeberriatarrak etxe baten sotoan bizi behar izan zuten etxebizitza berria eraikitzen zuten bitartean. Kapueneren ordezko etxea 1945 inguruan eraiki zuten, Donostia Ospitalera doan Begiristain Doktorea pasealekuaren 88. zenbakian. Han jarri zuten Bar Echeverria jatetxea. Duela hiru bat urte itxi zuten, baina eraikina oraindik hor dago, Tolosa jatetxearen alboan.
Hipikako instalazioak handitzeko, 1960ko hamarkadan eraitsi zuten Kaperoenea baserria. Gauza bera gertatu zen Luis Mercaderrek eraikitako Bideondo etxearekin. Loiolatik Martutenera joateko bide zaharraren ertzean zegoen. Etxe hau ere militarrek eskuratu zuten, eta hasieran bizitza batekoa izan bazen ere, bi maizter familia sartu zituzten. Hipikako instalazioak zabaltzeko bota zuten.
Elkarte elitista
Loiolako hipikak izaera elitista izan zuen 2008an desmilitarizatu zen arte. Zaldiketa eskola izan da betidanik, eta Doroteo Almendrosek zaldian ibiltzeko ikastaroak eman zizkien elite mailako hainbat pertsona ezagunei. Esaterako, frankismo garaian ikasle izan zuen Juan Carlos Borboikoa, Espainiako errege emeritua. Gerora, hainbat zaldi jauzi lehiaketatan parte hartu zuen. Hipikan zaldian ibilitakoak dira ere Cayetana Fitz-James Stuart Albako dukesa, eta haren seme Cayetano Martinez de Irujo. Udako oporretan Arbaizeneako jauregira etortzen zirenean, Loiolako hipikara joaten ziren.
Hezkuntza jarduerez gain, 1980ko hamarkadara bitarte nazioarteko zein estatu mailako zaldien lehiaketak egin zituzten han. Afrikako zaldien gaixotasunaren ondorioz, 1988an nazioarteko lehiaketa eten zen. Klubeko zein mundu mailako zaldun onenek parte hartzen zuten. Horien artetik nabarmentzekoak dira Francisco Goyoaga, Adolfo Marino, Luis Pradera, Guillermina Mugica eta Eduardo Arbide, besteak beste.
Hipikaren kudeaketa
Espainiako Defentsa Ministerioaren jabetzakoa bada ere, Loiolako hipikaren 7,5 hektareako lursaila elkarte zibil batek kudeatzen du. Hain zuzen ere, duela hamarkada adjudikatu zioten lehiaketa bidez Hipikalia klubari. Kontzesioa datorren urtean bukatuko da, eta Defentsa Ministerioaren asmoen berri izan ondoren kluba kezkatuta dago. Gainera, zurrumurrua iritsi zitzaien ministerioak lurrak saldu nahi zituela. Azkenik, ordea, Loiolako kuartelak hipikara lekualdatuko dituztela iragarri dute. Horrek domino efektu bat eragingo du, klubak beste leku bat behar duelako egungo jarduerak mantentzeko.
Donostiako Udalarekin harremanetan jarri dira ordezko lursail bat topatzeko. Eremua militarrekin konpartitzea ezinezkotzat jotzen dute, eta egungo instalazioak beste bi lekutan jartzeko aukera aztertzen ari dira: Añorgako Lore Toki zalditegia eta Lasarte-Oriako hipodromoa. Dena dela, bi eremu horietan lekua egitea zaila izango dela uste du Hipikalia klubak.
Pandemiaren eraginez, hipikaren egunerokoa asko apaldu da. La Hipica taberna eta jatetxea pasa den larunbatean ireki zuten. Eskolari dagokionez, zaldi heziera klasikoa eta zaldi jauzia irakasten jarraitzen du klubak. 8 urtetik gorako 40 ikasle inguru eta 60 bat zaldi dituzte, eta osasun neurriak errespetatuz klaseekin jarraitzen dute. Bestalde, 300 bazkide inguru ditu klubak, gaur egun. Zaldiketa erakustearekin batera, urtean zehar hainbat zaldi lehiaketa egiten dira. Aipagarrienak dira uztaileko Donostiako Nazioarteko Jauzi Lehiaketa eta abuztuko Aste Nagusiko Jauzi Lehiaketa.