Inditexeko langileek taldearen digitalizazio prozedurak dakarren "enplegu suntsipena" salatu dute protesta batean
Goizeko 11:30ean, Inditex taldeko langileak protesta egiteko elkartu dira, San Martin Merkatuaren aurrean, Loiola kalean. San Tomas Eguna dela eta, aldarrikapen ekintzak egun honi oso lotutak izan dira: batetik, txerriaren panpin txiki bat jarri dute kaiola batean, eta zozketa sinboliko bat egin dute, kontratuen zozketa, alegia; bestetik, kalejira egin dute Erdialdetik, eta Inditex taldeko denden aurretik igaro dira, murrizketen kontra ohikatuz.
Izan ere, ELAko Mirari Irurek azaldu duenaren arabera, Inditexek digitalizazio prozedura bat abiaraziko du, eta helburua da 2025 urterako salmenten %25a online izatea. “Hemendik aurrera, erakuslehio denda izango da eredua, aplikazio baten bitartez ia guztia egin ahalko baita. Horretan langileek ia ez dute parte hartuko”, nabarmendu du Irurek. Horrek “enplegu suntsipena” ekarriko duela salatu dute, 2021eko apirilera arte, Hego Euskal Herrian 20 denda itxiko baitituzte, horietako 18 Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 2 Nafarroan. “Hogei dendari eragingo diela esan digute, baina ez dute zehaztu zeintzuk”, dio Irurek. Gainera, adierazi dute beste hainbat denda itxi ditzaketela 2022ra bitartean. “Dimentsio osoa ez dugu ezagutzen, ezta horri aurre egiteko aukerak emango dituzten ere”, esan du Irurek. “Esaten dute enplegua bermatu nahi dutela, baina ez dute bermatzen ez hiri berdinean, ez probintzia berdinean, ezta kate berdinean ere izango denik”, gehitu du.