Aldaketak udalbatzan
Iazko maiatzeko udal hauteskundeetan hautetsiak izan ziren zinegotzi batzuek kargua utzi dute aurten, askotariko arrazoiak direla medio. PSE-EEko Ernesto Gasco izan da esanguratsuena, 22 urtez Donostiako Udaleko zinegotzi izan ostean, urtarrilaren 31n kargua uztea erabaki baitzuen, Espainiako Gobernuarentzat haur pobreziaren aurkako goi mandatari gisa lan egiteko. Ibilbide luzea egin zuen Gascok udalean, 1995ean sartu baitzen estreinakoz, eta ardura garrantzitsuak izan zituen zinegotzi izan zen 22 urteetan –hiru urtez Eusko Jaurlaritzan kontseilariorde lanetan aritu zen–.
Gascoren ardurak alderdi bereko Enrique Ramosek hartu zituen, eta Cristina Lagek okupatu zuen Gascok utzitako eserlekua. Ramosek, aldiz, urrian udala uzteko eta aldundira joateko erabakia hartu zuen, 1999tik zinegotzi izan ondoren; Ane Oiarbidek hartu zuen haren eserlekua. Sozialistak ez dira udala utzi duten bakarrak, PPko Borja Senperrek ere eserlekua utzi baitzuen urtarrilean, hautetsia izan eta zortzi hilabetera; sektore pribatuan lan egiteko utzi zuen kargua.
Albiste hau IRUTXULOKO HITZAko 2020ko urtekarian argitaratu da. Hedabideak aurtengo jazotako gertaeren errepaso bat egin du. Urtekariko artikuluak lotura honetan irakur daitezke.