Lide Arluziaga (Amara Berri, 1990) Lehen Hezkuntzako irakaslea da. Iaz Dulantzin (Araba) aritu zen eskolak ematen, 9 eta 10 urteko haurrei. Aurten, berriz, Zuhaiztin ari da, 9 eta 8 urteko haurrekin. Beraz, bi eskoletako errealitateak ezagutu ditu pandemia garaian.

Nolakoa izan da 2020an irakasle izatea?
Gorabeheratsua. Ezjakintasunaren aurrean kudeaketa bat egitea nekagarria izan da, eta urduritasuna sentitu dugu. Eta sormena landu behar izan dugu.
Nola moldatu zineten itxialditik eskola emateko?
Eskolak eman baino gehiago, lanak-eta bidali genituen. Oso zaila zen eskolak ematea. Nik, adibidez, ikasle asko nituen baliabide digitalak ez zituztenak. Horregatik erabaki genuen bidali behar genituen lanek sinpleak izan behar zutela; ikasleek bakarrik eta autonomiaz egiteko modukoak, eta baliabide digitalik eskatzen ez zutenak, guztien hezkuntzarako eskubidea bermatzeko. Hala ere, berezia izan zen, ikusten bainuen batzuetan ezin niela denei erantzuna eman eta oso zaila zela guztiengana iristea.
Ikasturte honetan, Zuhaiztira etortzea egokitu zitzaizun. Zer iruditu zitzaizun aldaketa hori?
Zaila. Ezin izan nuen ikasturteko itxiera bat egin ikasleekin. Horrekin batera, protokolo bat egiten parte hartu nuen Dulantzin (Araba). Ondoren, eskola berri batera iritsi nintzen eta beste protokolo bat zegoen. Dena zen desberdina: eskola, funtzionatzeko modua, eta abar. Beraz, Zuhaiztin zeuden langileenganako konfiantzaz hasi nuen ikasturtea, haiek egindako protokoloekin aurrera eginez. Irailaren 1ean hasi ginen eta irailaren 7an iritsi ziren ikasleak, beraz, astebeteko tartea izan nuen dena prestatzeko. Hor ere ezjakintasun handia zegoen, hezkuntzak ez zuelako ezer irmoki esaten.
Lau bat hilabete pasa dira. Nola moldatzen ari zara?
Hasieran, esan bezala, ezjakintasun handia izan zen, baita estresa eta ardura ere. Zorionez, familia askok konfiantza handia izan dute eskolengan. Egunerokotasunean, bitxia izan da haurrak maskararekin ezagutzea. Haiekin ere, apurka konfiantza sortu dugu. Hala ere, sormen ariketa bat egin behar izan dugu, besteak beste, taldean esertzeko baina distantziak mantentzeko. Denborarekin, ikasi dugu egoera honetan lan egiten.
Eta ikasleak, nola moldatzen ari dira?
Hasieran urduri zeuden asko, baina eskolara itzultzeko gogoarekin. Ondoren, nahiko ondo.
Uste duzu pandemiak haurren hezkuntzan eragin dezakeela?
Uste dut batez ere baliabide gutxien dituzten ikasleek izaten dituztela galerak. Badaude ikasle batzuk zeinak etxean estimulazio handia duten. Horiengan ez dute uste errekuperatu ezin daitekeen ezer gertatuko denik. Baina beste haur batzukek baliabide edo estimulu gutxiago dituzte, eta hor arrakala bat sor daiteke. Azken urteetan, eskola arrakala hori konpentsatzen saiatu da. Martxotik ekainera, estimulazio gutxiago duten haurrek ondorioak pairatu ditzakete. Egoera ikusita, eskolak lan egin beharko luke horiek konpentsatzeko. Horretarako, noski, baliabideak beharko ditu.