"Donostia da zerbitzua azkarren berreskuratu duen hiria"
Ezohiko urtea izan da Dbus autobus konpainiako gidarientzat. Pandemiaren eraginez, trafikoa nabarmen jaitsi da hirian, eta bertan behera geratu dira kultur zein kirol jarduera asko. Egoera normaltasunera itzultzea desio du Joseba Ubarretxena Dbuseko gidari eta Kurpil sindikatuko kideak.
Konfinamendua ezarri zenean, nola aldatu zen zure egunerokoa?
Asko. Hasiera batean, beldurra sentitu nuen. Diruarekin ordaintzeko aukera debekatu zen, eta bidaiariak autobusaren atzeko atetik sartu behar zuten. Autobusen kopurua eta maiztasuna murriztu zen. Konfinamenduko lehen asteak zailak izan ziren, kutsatzeko arriskuarengatik eta ez genekielako zer gertatuko zen. Otsailean enpresari neurriak hartzeko eskatu genion. Izan ere, maskara eta gel hidroalkoholikorik gabe lanean aritu ginen. Alarma egoera ezarri eta denbora batera jarri zituzten baliabideak. Pandemiak ezustean harrapatu zuen Dbus konpainia.
Bidaiari kopurua asko jaitsi zen, eta Dbusek autobus lineak kendu eta maiztasunak murriztu zituen, ezta?
Autobus kopurua gutxitu eta aldi baterako langileak langabeziara bidali zituzten. Ezarritako murrizketak legezkoak ziren, baina ez ziren egokiak. Herritarrek beldurragatik utzi zioten autobusa hartzeari. Autobusetan jende asko zegoenez, ez ziren segurtasun distantziak errespetatzen. Horregatik, autobus kopurua mantendu eta maiztasunak areagotzeko eskatu genuen. Bidaiari gutxiago eramateko autobus gehiago jartzea ezinbestekoa zen.
Maiatzetik irailera, pixkanaka, Dbusek zerbitzua bere osotasunean berreskuratu zuen.
Asko kostatu zen hori. Zerbitzua osorik berreskuratzean guk esaten genuena bete zen. Maiztasunak eta autobus lineak berrezarri zirenean bidaiari kopuruak gora egin zuen. Pentsa, Donostia da estatu mailan zerbitzua azkarren berreskuratu duen hiria. Bigarren konfinamenduarekin kopurua jaitsi bazen ere, gure hiria da garraio publikoa gehien erabiltzen duena. Batez ere, autobusa.
Koronabirus kasu positiborik izan duzue Dbusen?
Ez, nik dakidala. Ez autobusetan, ezta gidarien artean ere. Gure lantokian izan diren kasu apurrak zerbitzutik kanpo izan dira.
Pandemiak bertan behera utzi ditu kultur eta kirol jarduera asko. Hori hiriko trafikoan nabaritu duzu?
Urte errazagoa izan da. Udaberrian Donostiako kaleak nahiko hutsak zeuden, eta pena ematen zuen. Pixkanaka, gainerako sektoreak irekitzen eta aktibatzen joan diren heinean trafikoa normaltasunera itzultzen ari da. Oraindik ez da iritsi Donostian izaten dugun ohiko trafiko mailara. Bestalde, metroaren lanek sortzen dizkigun zailtasunak pandemiak murriztu dizkigu.
2021a hobea izango dela uste duzu?
Datorren urtean metroko obrekin aurrera jarraituko dute, eta trafiko arazoak handituko dira. Horrekin batera, ondo legoke lanak eta bide mozketak egin aurretik irtenbideetan pentsatzea, arazoei garaiz erantzuteko. Bestalde, espero dut normaltasun osora itzultzea, eta kultur zein kirol jarduera guztiak bueltatzea. Adibidez, Anoetako futbol partidak itzultzea nahi nuke, jendeak autobusa erabiltzen duelako.