Euskarak zer balio ematen dio zure negozioari?
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, 'Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz' kanpaina jarri du abian. Helburua da euskararen erabilera sustatzea hiriko saltokietan, eta dendarien eta bezeroen arteko harremanak euskaraz izatea. Kanpainak konfiantza eta betikotasuna ditu oinarrian, eta abenduaren 17tik urtarrilaren 22ra sustatuko dute, besteak beste, Donostiako Parte Zaharrean. Auzo honetako lau dendak eurentzat eta euren saltokientzat euskarak duen balioaz hitz egin dute.
“Nire ama hizkuntza da. Betidanik harremanak euskaraz izaten saiatzen naiz, ez soilik lan esparruan, esparru pertsonalean ere”
Kristina Manterola, Kristina Belar Denda
Betiko eta bertako bezero asko ditut, eta euskarak balio handia ematen dio nire negozioari. Nire ama hizkuntza da, eta betidanik harremanak euskaraz izaten saiatzen naiz, ez soilik lan esparruan, esparru pertsonalean ere. Horregatik guztiagatik, garrantzia handia du. Beraz, norbait dendara etortzen denean, agurra, beti, euskaraz egiten dugu. Erantzunaren arabera, hizkuntza horretan jarraitu edo gaztelaniaz egiten dugu. Gainera, bezeroak oso ondo hartzen du euskaraz egiteko aukera izatea. Are gehiago, oraingo Euskaraldian ez da hainbesteko sorpresarik izan, baina 2018koan bai. Txapa jarrita neramanez, jendea etortzen zen esanez ez zekitela oso ondo euskaraz egiten, baina saiatuko zirela. Horrelako egoerak suertatu izan dira.
“Duela 20 bat urte, Bretxa zaharretik hona jaitsi ginenetik, karteletan euskara lehenestea erabaki genuen”
Iñigo Etxezarreta, Etxezarreta harategia
Euskarak balio handia ematen dio gure negozioari. Aspaldi konturatu ginen guk uste baino euskaldun gehiago zeudela Donostian, eta lehenengo hitza euskaraz esaterakoan konturatzen zara zenbat euskaldun dagoen. Horrekin batera, nabaritzen dut euskaraz egiteak laguntzen duela jende euskalduna hona etor dadin. Horregatik, duela 20 bat urte, Bretxa zaharretik hona jaitsi ginenetik, karteletan euskara lehenestea erabaki genuen. Bi hizkuntzak sartzen badira, bietan jartzen dugu. Bestela, euskararen alde egiten dugu, eta une honetan, guztia euskaraz dago. Nire bezero gehienak bertakoak dira: Parte Zaharra, Erdialdea eta abar. Horietatik, nahiz eta uste dudan erdaldun gehiago diren, euskaldun asko daude.
“Gure dendan euskalduna eroso sentitzen da, eta balio erantsi hori eskaintzen zaio. Beraz, lehen hitza beti euskaraz egiten dugu”
Oihane Oronoz, Enbata denda
Guretzat euskara ezinbestekoa da. Nik ez dut negozio hau ulertzen euskararik gabe. Langile guztiek dakite zer edo zer lehenesten bada, hori dela. Eta iruditzen zait derrigorrez eskaini beharreko zerbitzu bat dela. Edozein kasutan, uste dut denok, euskaldunok, naturaltasunez hartuko bagenu hori, erosoago biziko ginatekeela. Gure dendan, euskalduna eroso sentitzen da, eta balio erantsi hori eskaintzen zaio. Beraz, lehen hitza beti euskaraz egiten dugu. Gainera, jendea gero eta gehiago dator euskaraz eskatzen. Horrekin batera, oso zabaldua Donostian dendak erdaldunak direla, dendetan ez duzula zerbitzua euskaraz. Egia da askotan ez dakitela euskaraz, baina gure kasuan, lekua egin nahi horretan ibiltzen gara.
“Uste dut jendeak eskertzen duela euskarazko arreta jasotzea, baina batzuek, besterik gabe naturaltasunez hartzen dute hori”
Amaia Corcoles, Zuntz denda
Uste dut jendeak eskertzen duela euskarazko arreta jasotzea, baina batzuek, besterik gabe naturaltasunez hartzen dute hori. Jende euskaldun asko dago eta euskaraz bizi da, eta edozein tokitara doanean euskaraz bizitzen jarraitu nahi du. Hala ere, Donostian badago joera bat gaztelerara jotzeko, pentsatuta Donostiako dendetan ez dakigula euskaraz. Nire kasuan, bezero gehienak hemengoak dira, eta euskaldunak, eta lehenengo hitza beti euskaraz egiten dut. Horrek, bidea irekitzen du. Zu euskaraz hasten bazara, euskaraz pentsatzen duenak euskaraz jarraituko du, baina gaztelaniaz pentsatzen ari zenak, eta euskaraz hitz egiteko ahalmena duenak ere euskaraz egingo du. Lehenengo hitzarekin, bidea zabaltzen duzu.