"Ikusleen %70 inguru galdu dugu: sektorea jota dago"
Konfinamendua hasi zenean, Principe, Trueba eta Antiguo Berri zinema aretoak itxi zituzten, eta ekainean, abuztuan eta irailean ireki zituzten, hurrenez hurren. Iñaki Elorza SADEko zinema arduradunak 2020aren balorazio negatiboa egin du, eta 2021ari aurre egiteko, estreinaldiak izateari eman dio garrantzia, jendea zinemara joan dadin.
Nola joan da 2020a?
Martxoaren erdialdera arte oso ona, egia esan. Estreinaldi indartsuak izan ziren, eta iaz baino datu hobeak izan genituen. Martxoaren 11tik aurrera hainbat hilabetez aretoak itxita izan genituen. Ekainaren 26an Principe ireki genuen, abuztuan Tenet filmarekin estreinatu genuen Trueba, eta Zinemaldiko filmekin Antiguo Berri. Uztaila eta abuztua justu igaro ditugu, baina mantentzeko moduko datuekin. Zinemaldian hiruzpalau film nahiko interesgarri izan genituen, baina urriaren erdialdetik aurrera hondamendia izan zen. Estreinaldi guztiak bertan behera geratu ziren, pandemiaren datuak okerragoak ziren eta zinemetan neurri zorrotzagoak jarri zizkiguten: %50eko edukiera, eta 21:00etarako denak itxita egon behar zuen, zinemetako tabernak itxi zizkiguten. 20:00etako saioa indartsua izaten da, baina 21:00etarako itxita egon behar badu, azken saioak 19:00ak aldera jarri behar dituzu. Azaroa txarra izan denez, Antiguo Berri itxi genuen.
2019arekin konparatuta, zenbat aldatu da ikusle kopurua aurten?
Ikusleen %70 inguru galdu dugu: sektorea jota dago. Aldi baterako erregulazioei esker lortu dugu postu horiek pixka bat mantentzea, baina kopuru horietan industria ezin da mantendu.
Kultura segurua da?
Bai. Ekainaren 26an ireki genuenetik Eusko Jaurlaritzarekin protokoloa martxan jarri genuen, eta distantziak, maskara, gel hidroalkoholikoa, eta desinfekzioa bermatu ditugu. Egia da oso jarduera pasiboa dela film bat ikustea: jendeak ez du hitz egiten, geldirik daude… Beraz, arriskua txikia da. Gainera, protokolo guztiak martxan jartzen ditugu.
Nolakoa izango da 2021a?
Nik uste dut datorren urtea pandemiaren araberakoa izango dela. Lehen seihilekoa gogorra izango dela aurreikusten dugu. Estreinaldi asko bertan behera geratuko dira, eta zinemak irekita edo itxita mantentzeko gatazka izango dugu hilabetero.
Zer behar duzue zinema aretoak irekita mantentzeko?
Lehenik, filmak izatea: frogatu da filmak daudenean jendea zinemara joaten dela. Gero, murrizketak pixka bat baretzea: zinemetan ezin da jan, maskara nahitaez jantzita eduki behar da, eta edukiera %50ekoa dugu. Trenean edo autobusean arrisku handiagoa dago, baina ez daukate inolako murrizketarik. 21:00etatik aurrera uztea nahi dugu, ordu komertzialagoak izateko. Pentsatzen dugu uztailetik aurrera beste martxa bat izango dugula, eta ea duela urtebeteko egoerara itzultzen garen.