"Nire bizitzari buelta bat eman behar niola konturatu nintzen"
Garapen pertsonaleko liburu bat idazten hasi zen, eta hiru argitaratzen bukatu du. 'El escenario de la vida' trilogia aurkeztu du donostiarrak, zaletasuna eta autolaguntza uztartzen dituena.
Aitor Nabarro aktore, umoregile eta idazlea. Noiz eta nola erabaki zenuen proiektu hau aurrera eramatea?
Asmoa duela urte eta erdi inguru sortu zen. Lain Garcia Calvoren aholkularitza ikastaro bat egin nuen, garapen pertsonalekoa. Asko gustatu zitzaidan, bai mentorea eta bai esaten zuena. Nire bizitzari buelta bat eman behar niola konturatu nintzen. Nire barreneko gauzak zaindu eta berpizteko beharra nuen, sendatzeko. Aholkularitza ikastaroan liburu bat idazteko esan ziguten, lan pertsonal eta profesional gisara. Gu gure buruaren eta sormenaren jabe izateko esan zigun, horren erantzule bihurtzeko. Proiektuarekin aurrera egitea erabaki nuen, eta interesgarria, aberatsa zein eramangarria izan da.
Trilogia bat, zergatik?
Antzerki mundukoa nintzela esan nion mentoreari, eta nire bizitza horrekin lotzeko esan zidan. Momentu hartan nire bizitzak biziberritze bat behar zuen, nahiz eta gustura egon. Zerbait gehiago behar nuen, blokeatuta nengoen. Liburu bat idazteko esan zidan, eta nik begi onez ikusi nuen. Ia urtebete behar izan nuen idazteko. Prozesuan nenbilela, mentoreak esan zidan hiru liburu idatz nitzakeela. Nik barre egin nion. Horrela ere, aurrera egitea erabaki, eta beste bi liburuak azken hilabetetan egin ditut. Konfinamendua hasi baino pixka bat lehenago hasi nintzen, egun eta gau idazten. Informazioa bilatzen eta ikertzen aritu naiz. Izan ere, ez duzu bakarrik zure esperientzia kontatu behar, ikertzea derrigorrezkoa da. Garapen pertsonaleko liburu asko irakurri nituen, metafisikakoak eta beste.
Egin duzun lanketa zuretzako autolaguntza izan da?
Bai, erabat. Barruko mamuak atera behar nituen. Nire buruari galdera asko egin dizkiot, eta nire buruak erantzun dizkit. Zu zara erantzule bakarra, esaten zidan nire buruak. Autolaguntza liburu ia gehienetan idazlea presente dago.
Antzerkia zure zaletasun estimatuena da. Bizitza esparru horretatik kontatzea erabaki duzu, ezta?
Begira, jaiotzen garenean, gure amaren sabeletik ateratzean, kirofanoen argiek enfokatzen gaituzte. Bizitza hasten da, eta baita gure antzezlana ere. Gure bizitza antzezlan esanguratsu bat da. Gu izan behar gara gure bizitza zein antzezlaneko protagonista, gidoilaria eta zuzendaria. Gu gara erantzule bakarrak gure bizitzarekiko. Guk erabaki beharko genuke gure bizitzarekiko dena. Tamalez, ez da horrela. Gure bizitza aldamenekoekin lotuta dago, eta gehiegi kezkatzen gara ingurukoetaz. Gure nahietaz ahazten gara.
Irakurleek zer topatuko dute liburuetan?
Asko harrituko dira, eta aldi berean, ezeroso. Liburuak galdera sakon asko ditu, eta bizitzarekin lotura zuzena dute. Tira, bizitzarekin eta ditugun beldurrekin. Beldur horiek haurtzarotik datoz, eta inguruak sortzen dizkigu; familia, lagunak, gizartea, telebista, … Horri buruz hausnartu dut. Bestalde, erlijioari buruz ere idatzi dut. Elizak tontotzat hartzen gaituela azpimarratu nahi izan du. Bullyinga eta bestelako gaiak ere jorratu ditu. Ezerosoak dira denak. Horrez gain, galdera bat egiten diot irakurleari: zoriontsua zara daramazun bizitzarekin, eta nahi zenuen guztia lortu duzu?
Lehen bi liburuak lotuta daude, eta hirugarrena desberdina da. Gai berdintsua dute, baina jorratzeko modua desberdina izatea nahi nuen. Ipuinak eta istorioak dira, antzerki formatuan idatziak eta garapen pertsonalarekin loturikoak.
Eta irakurri dutenek zer esan dizute?
Harrituta geratu dira. Batetik, ez zutelako espero nik horrela idaztea, eta, bestetik, identifikatuta sentitu dira. Beldurra eta ziurgabetasuna sentitu dute. Hori aldatzeko sofa erosotik altxa behar gara, eta mingarria da haustura. Normalean bizitza eroso hori mantentzea erabakitzen dugu. Ordea, irakurri duten hainbat esaten didate erosotasun horretatik atera nahi dutela. Beraien bizitzari buelta bat eman nahi diote, baina ez dira ausartzen. Nik gomendatzen diet erosotasunetik ateratzea.
Trilogia gaztelaniaz argitaratu duzu. Euskarazko bertsiorik egiteko asmoa duzu?
Hasiera batean, hiru liburuetatik bat euskarazkoa izatea pentsatu nuen. Mentoreak, ordea, esan zidan hizkuntza berean argitaratzeko hiruak. Beraz, gaztelania hautatu nuen. Dena dela, euskarara itzultzeko asmoa dut.
