"Zortzi hilabetez zain egon behar izan nuen lanean hasi arte"
Iñigo Frances familia medikuarentzat «ziurgabetasun handiko» urtea izan da 2020a. Urtarrilean BAME azterketa egin eta gero, zortzi hilabete pasa ditu egoiliar moduan lanean hasi arte. Anbulatorio batean eta larrialdietan egiten du lan, eta «salbuespenezko egoera bat» aurkitu du lantokian. Osasun sistema «sendo» bat behar dela uste du.
Medikua zara, baina zertan egiten duzu lan zehazki?
BAMEa (Barruko Mediku Egoiliarra) egin nuen urtarrilean, eta zortzi hilabete pasa nituen itxaroten. Normalean, maiatzean hasi beharko genukeen, baina, aurten, COVID-19aren ondorioz, irail amaieran hasi gara. Nahiko kaotikoa izan zen. Familia medikua naiz, eta irailaren amaieran hasi nintzen lanean Hernaniko anbulatorioan, eta guardiak egiten ditut Donostia ospitaleko larrialdietan, hilabetean lau. Zehazki, lehenengo mailako egoiliarra naiz.
Nolako urtea izan da 2020a?
Ziurgabetasun handikoa. BAMEa egin eta gero ziurtasunik ez neukan, ez nekien non amaituko nuen lanean, eta atzerapen hori familiarentzako diru kopuru garrantzitsua da. Nik alde horretatik nahiko gaizki pasa dut, ez niregatik bakarrik, nire lagunengatik ere.
Lanean hasitakoan, zer aurkitu duzu?
Egoera berezia, salbuespenezkoa. Anbulatorioan, adibidez, zuk pertsona bat ikusi behar duzu baloratzeko, baina gaur egun pazienteekin dugun elkarrizketa telefonikoa izaten da, batik bat. Zuk arazo bat baldin badaukazu, medikuari telefonoz deitu behar diozu, jendea itxarongeletan ez pilatzeko eta arrisku hori murrizteko. Telefonoz hitz eginda askotan ez da erraza jakitea pertsona hori gaizki dagoen edo ez. Egunean sei pertsona inguru ikusten ditugu kontsultan gutxi gorabehera, eta 40 pertsonarekin hitz egiten dugu telefonoz.
Lehen arretaren bidez sendatu zitezkeen pertsonek larrialdietara jo dute?
Jendeak nahi duena da, normala den bezala, profesional batek ikustea. Lehen arretan ezin baduzu pertsona bat ikusi, pertsona horrek zer egingo du? Gaizki nago, ba, larrialdietara joango naiz. Oso garrantzitsua da zuk osasungintza publikoaren erabilera on bat egitea, eta ez baduzu egiten, sistema kolapsatu daiteke. Hori da gaur egun gertatu daitekeen egoera bat.
Zer behar duzue lana ondo egiteko?
Nire ustez behar dena da osasun sistema sendo bat, lan egiteko baliabide egokiekin, lana egiteko denborarekin eta lan-baldintza duinekin.
Nolako 2021a nahiko zenuke?
Normala. Gaixorik gabekoa, maskararik gabekoa, bidaiatu ahal izatekoa… Aurretik genuen bizitza. Zaila da: ematen du maskarak jarraituko duela. Gainera, ematen du txertoa etorriko dela: ea zer moduzko eragina duen. Nik normaltasuna nahi nuke.
2021ean iritsiko gara egoera horretara, zure ustez?
Egoera hobetuko da, baina oraindik ez. Uda arte ez behintzat.