Ertzainen auto bat Urumea ibaira erori da bart gauean, eta ertzain bat hil egin da

Ertzaintzaren auto bat Urumea ibaira erori da 03:30 aldera. Bi ertzain zihoazen barruan: batek autotik ateratzea lortu du, eta ospitalean dago, bizirik. Gidatzen zebilen ertzainak, berriz, ez du lortu ateratzea, eta hil egin da. Goizaldean erreskatatu dute bizirik atera den ertzaina, eta 09:15 aldera erreskatatu dituzte autoa eta hildako ertzainaren gorpua.
Bi ertzainak autoan ohiko patruila egiten ari ziren bart gauean. Egiako tuneletik Maria Cristina zubi aurrera atera zirenean, arrapalaren aurrean barandaren aurka jo zuen autoak, eta “barandaren zati ahulena” hautsita, Urumea ibaira erori ziren. Hil den agentea 47 urteko donostiarra zen, eta hainbat urtetako esperientzia zuen Ertzaintzan eta Udaltzaingoan. Donostian ospitaleratuta dagoenak, berriz, 28 urte ditu; hura ere gipuzkoarra da.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburua Maria Cristina zubiaren ingurura gerturatu da 09:30 aldera: “Oraindik zer nolako baldintzetan gertatu den ez dakigu zehatz mehatz: ikerketa zabaldu beharko da eta horren arabera ikusi beharko dugu”, azaldu du.
Maria Cristina zubia eta ingurua itxita egon dira erreskate lanak egiten ari ziren bitartean, baina ireki dute berriz.