Errege Magoak Donostiara heldu dira
Desfilerik gabe ere, Errege Magoak Donostian dira dagoeneko, bihar gauean hiriko etxeetan opariak uzteko. Hain zuzen, pandemiaren aurrean eta jende pilaketak ekiditeko, ohiko desfilea egin ordez, Errege Magoak auto klasiko baten gainean ibili dira Donostiako kaleetatik. Anoetatik ekin diote ibilbideari, eta euria dela eta Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri aurpegia ikustea zaila izan bada ere, haur askok Errege Magoak agurtzeko aukera izan dute.
Olentzero eta Mari Domingi abenduan ibili ziren auto berean ibili dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, baina eguraldia dela eta, kapota jarrita eraman behar izan dute. Hain zuzen, bihar Illunben izango dira Errege Magoak (ez da sarrerarik geratzen), Donostiako haurrak ezagutzeko.
Olentzero eta Mari Domingi atera zirenean egin zuen moduan, Kalapie Donostiako Txirrindularien Elkarteak sare sozialetan salatu du autoa ez dela hiritik ibiltzeko modurik iraunkorrena, eta udalak Errege Magoak eta Olentzero eta Mari Domingi autoan eraman izana kritikatu du.