Juan Luis Goenaga artista donostiarraren omenezko erakusketa amaitzera doa
Irailaren 4an irekiko zuten berriz Kursaaleko Kubo aretoa, Juan Luis Goenaga artista donostiarraren atzerabegirako erakusketa batekin: Goenaga. Datozen egunak izango dira erakusketa ikusi ahal izateko azkenak, igandean, hilaren 10ean, kendu egingo baitute. Mikel Lertxundi da erakusketaren komisarioa.
Erakusketan Goenagaren 128 obra daude ikusgai, sei esparru tematikotan banatuta: areto nagusian horietako batzuk, artistaren sorkuntzaren irakurketa kronologiko eta ebolutiboa egin ahal izateko moduan. Halaber, beste areto batean artistaren idazlana jaso dute, eta beste aretoarekiko modu paraleloan zein autonomoan bisitatu daiteke. Ohiko ordutegia honakoa da, asteartetik igandera: 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Aste honetan, ordea, Errege Magoen bisita dela eta, hilaren 5ean eta 6an itxita egongo da 18:00etatik aurrera.
Kubo aretoak 20 urte bete ditu berriki, abenduaren 15ean. Ireki zutenetik, 2.135.000 bisitari inguru izan ditu erakusketa aretoak, eta askotariko artisten 73 erakusketa antolatu ditu, besteak beste, Jorge Oteiza, Dario Villalba, Andres Nagel, Josune Amunarriz, Menchu Gal, Bonifacio Alfonso, Eduardo Txillida, Marta Cardenas, Jesus Mari Lazkano, Gonzalo Txillida, Rafael Ruiz Balerdi eta Alejandro Garmendia artisten obrak izan dira ikusgai Kursaaleko aretoan.