2021eko aurrekontuan 16 milioi euro gutxiago izatea aurreikusten du udalak
Diru-sarrerak murriztuko badira ere, hainbat erakunde publikoren aurrekontua handitu beharko duela aurreikusi du Donostiako Udalak.
Koronabirusaren pandemiaren aurrean, Donostiako Udalak aurreikusten du hasi berri den 2021. urtean diru-sarrera gutxiago izango dituela; %3 gutxiago, hamasei milioi euro. Noticias de Gipuzkoa hedabideak eman du albistea, Jaime Dominguez-Macaya Ogasuneko zinegotziaren hitzekin. Murrizketa horretaz gain, udalak aurreikusi du Dbus, Sustapena eta Etxegintzaren moduko erakunde publikoetara bideratutako aurrekontua handitu egin beharko duela. Horregatik, gastu ohikoak %7 murriztuko dituen aurrekontu bat prestatzen ari da udala, eta Dominguez-Macayak espero du aurrekontu proiektua urtarrila amaitu aurretik onartzea, udalbatzarrera martxoaren bukaeran edo apirilaren hasieran eraman ahal izateko.
Diru-sarreren murrizketei dagokienez, Ogasuneko zinegotziak azaldu du diru-sarrera arruntetan zortzi milioi euro gutxiago kobratzea aurreikusten dutela, 308,4 milioi eurotik 300,4 milioi eurora. Era berean, diru-sarrera kapitaletan beste zortzi milioi euro gutxiago kobratuko dutela uste du Dominguez-Macayak. Arlo hori ezegonkorragoa dela nabarmendu du zinegotziak, baina 2021ean 30 eta 35 milioi euro artean kobratzea espero dutela esan du. Bestalde, aipatzekoa da udalak ez duela aurreikusi Illunberen salmentaren diru-sarrera, gunearekin zer gertatuko den ikusteke baitago oraindik. Nabarmentzekoa da, era berean, 2021ean Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren Gaineko Zergatik jasoko duten diru kopurua 2020an baino %30 txikiagoa izatea aurreikusten duela Dominguez-Macayak. Hala ere, aurten onartutako egokitzapen fiskalak direla medio, udalak galera horiek pixka bat konpentsatzea espero du: diru-sarrera zuzenak %2 handitzea eta tasei dagozkien diru-sarrerak %4,5 handitzea espero dute.
Aipatu hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, pandemia dela eta, udala ezin izan du aurrekontu proiekturik garatu orain arte, eta prestatzen ari dena onartu bitartean, 2020ko aurrekontuaren luzapena onartu dute, pandemia garaiko datuetara egokituta. Aurtengo aurrekontuei begira, zinegotzigo guztiek gastuak murriztu beharko dituztela azpimarratu du zinegotziak, baina ez du jaitsiera nabarmenik aurreikusi.