Arima Soul talde donostiarra Enlace Funk sarietarako hautatu dute
Arima Soul talde donostiarrak albiste on batekin hasi du urtea, Enlace Funk sarietarako hautatu baitute, talde berri onenaren atalean. Aipatu sariek, Los Clinton izenarekin ere ezagunak, Espainiako Estatuan musika afroamerikarra sortzen duten artisten eta taldeen lana aitortzen dute, eta Enlace Funk hedabideko erredakzioak aukeratzen ditu sarietarako hautagaiak. Arima Soulekin batera, Cherif Badua y Los Castizos, Labudu, El Combo Batanga eta Corcs Drum&Organ taldeak hautatu dituzte talde berri onenaren atalerako.
Donostiarrek euskarazko soul musika egiten dute batik bat, eta 2020an sortu ziren, baita taldearen izen bereko diskoa argitaratu ere; aurkezpena Be Club tabernan egin zuten, abenduaren 13an. Taldea Taldea Lidia Insaustik (ahotsa), Mikel Makalak (baxua), Paul San Martinek (teklatuak) eta Hilario Rodeirok (bateria) osatzen dute.