Gizon bat atxilotu dute Donostian, ustez bi adingaberi sexu abusuak egiten saiatzeagatik
Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Donostian, bi adingaberi sexu abusuak egin izana leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertaera gauean, 21:00ak aldera, jazo zen, Erdialdean. Neska-mutil talde batek handik igarotzen ari zen Ertzaintza patruila bati laguntza eskatu zion. Aldi berean, Ertzaintza ikustean, han zegoen gizon bat alde egiten saiatu zen, presaka.
Ertzaintzak, gizona geldiarazi eta identifikatzeaz gain, gazteen eta hainbat lekukoren testigantzak jaso zituen. Antza denez, gizona neska-mutil taldearengana gerturatu eta neskak, adingabeak, jazartzen hasi ziren. Zehazki, lekukoen hitzetan, nesketako bat musukatzen eta besotik heltzen ahalegindu zen, eta besteari besotik heldu eta tira egin zion. Azkenean, bigarrenak askatzea eta alde egitea lortu zuen.
Gertaerak eta lekukotzak kontuan hartuta, Ertzaintzak gizona atxilotu zuen, bi adingabeen aurkako sexu abusuak leporatuta. Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan utziko dute gaur.