Olatu artifizialen parkeak hegaztientzat izan ditzakeen arriskuengatik kezkatuta daude hainbat ornitologia elkarte
Itsas Enara Ornitologia Elkartea eta SEO/BirdLife elkarte ornitologikoak kezkatuta daude udalak Antondegin eraiki nahi duen olatu artifizialen parkeak ekar ditzakeen ondorioengatik. Izan ere, ohar batean azaldu dutenez, bi elkarteen hitzetan, olatu parkea eraikiz gero, “habitata nabarmen aldatuko” litzateke eta lurzoruan eta landa eremuan ere eraginak izango lituzke.
Elkarteek nabarmendu dutenez, Antondegi gainak balio ekologiko handia du “ikuspegi ornitologikotik”. Zehazki, euren datuen arabera,117 hegazti-espezie behatu dira eta horietatik 84 Espainiako Babes Bereziko Erregimeneko Hegaztien Zerrendan daude. Horrekin batera, 29 Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan daude, esaterako, miru gorria. Horrekin batera, “landa-paisaia tradizional berezia” duela azpimarratu dute “baratze, zelai, landazabal atlantiko, zuhaizti eta heskaiez osatua“.
El Diario Vasco hedabideak abenduaren 30ean argitaratu zuenez, Donostiako Udalak Antondegi gainean olatu artifizialen parke bat eraikitzeko asmoa du. Antza denez, proiektua ez dago onartuta, baina aurreikusi dute 2021eko ekainerako bideratzea. Aipatutakoak kontuan hartuta, elkarte ornitologikoek proiektua berriz ere aztertzeko eskatu diote udalari, tokiko espezieengan eta habitatean izan ditzaken arriskuak aintzat hartuz.