Sem Westerveldek futbol profesionalean debuta egin du, Sander Westervelden seme donostiarrak
Sem Westerveld 18 urteko futbol jokalari donostiarrak debuta egin du futbol profesionalean, Herbehereetako bigarren mailan, hain zuzen. Sander Westerveld Realeko atezain ohiak Donostian izandako semeetako bat da Sem, eta AZ Alkmaarren 23 urtetik azpikoen taldearekin debuta egin zuen atzo, hilaren 4an, herrialde horretako futbbol profesionaleko bigarren mailan. Aitaren moduan, atezaina da Sem, eta behin baino gehiagotan adierazi izan du gustatuko litzaiokeela Realean jokatzea.
Sander Westerveld 2001/2002 denboraldiko neguko merkatuan heldu zen Realera, eta handik gutxira jaio zen Sem, 2002ko uztailaren 18an. Sanderrek azkar bereganatu zuen zale txuri-urdinen maitasuna, oso partida onak jokatu baitzituen. Gainera, heldu zen denboraldian taldea lehenengo mailan mantentzea lortu ostean, 2002/2003 denboraldian azpitxapeldun izan ziren txuri-urdinak, Westerveld atean izanda.