Urumea ibaitik bizirik ateratako ertzaina "nahastuta" eta "shock egoeran" dago
Abenduaren 30ean Urumea ibaira eroritako ertzainen autoa zihoan bizirik ateratako agenteak deklaratu du dagoeneko Udaltzaingoaren aurrean, Rodrigo Gartzia Ertzaintzaren zuzendariak Euskadi Irratian azaldu duenez. Gartziaren arabera, praktiketan zebilen 30 urteko ertzaina “ondo” dago, baina “nahastuta” eta “shock egoeran” dago, istripuaren unean ez baitzuen “askorako denbora” izan. Hala ere, nabarmendu du istripuan zendutako 47 urteko agentearen hiletara joan zela: “Adore handia izan zuen, balio handiak dituela erakutsi zigun”.
Zuzendariak ez ditu 30 urteko ertzainaren deklarazioaren inguruko azalpen gehiago eman, ikerketa Udaltzaingoak baitarama, trafiko istripua izan zen heinean. Ertzaintza laguntzaile lanetan dabil, hain justu, segurtasun kamerek grabatutakoarekin eta ibilgailuaren zentralitan jasotakoarekin txostena osatuko du, baita istripua hiru dimentsiotan berreraiki ere. Era berean, Polizia Zientifikoaren Unitateak hildako ertzainak ustez egindako bi tiroen analisia egingo du; tiroak autotik ateratzeko kristalak hautsi nahian egin zituela da hipotesi nagusia.