Udalak etxegabeentzako neguko Ate Irekien Zerbitzua zabaldu du
Udalak ez du zehaztu zenbat plaza dituen Ate Irekien Zerbitzuak, eta Parte Zaharreko boluntario taldeko kideek salatu dute pertsona askok kalean lo egiten jarraitzen dutela.

Donostiako Udalak etxegabeentzako Ate Irekien Zerbitzua zabaldu du bart, lehen aldiz 2020-2021 denboraldian. Neguko aterpea da Ate Irekien Zerbitzua, tenperatura baxuengatik alarma egoera ezartzen dutenean udalak eskuragarri jartzen duen baliabidea. Egunotan egin duen hotza eta datorrena ikusita, udaleko Gizarte Zerbitzuek Intxaurrondoko Mons pasealekuan kokatutako aterpea irekitzea erabaki du, eta bart hamahiru pertsonek egin dute lo han.
Udalak ez du zehaztu Ate Irekien Zerbitzuak zenbat pertsonarentzako plazak dituen: “COVID-19a dela eta, prozedura bereziari ekin dio Gizarte Ekintza departamentuak. Plaza gehiago egokitzen ari dira tenperatura baxuen alerta dagoen egunetarako, eta plaza horiek diagnostiko sozialaren arabera betetzen ari dira, beraz, ez dago kopuru zehaztik”. Konstituzio plazan lo egiten duten etxegabeei laguntzen dabilen boluntario taldeko kideen arabera, ordea, udalak 26 plaza aktibatu ditu. Era berean, salatu dute etxegabe batzuei aterpea eman badiete ere, beste askok “kale gorrian” jarraitzen dutela, eta denei aterpea emateko baliabideak egon badaudela.