Harrera Sareak salatu du udalak neguan etxegabeentzako jartzen dituen baliabideak ez direla nahikoa
Azken egunotan Zarautzen eta Hendaian hildako etxerik gabeko pertsonekin kezkatuta, Hiritarron Harrera Sareak ohar bat plazaratu du, Donostiako Udalak neurriak hartu ditzala eskatuz. Hain zuzen, udalak asteartean zabaldu zuen Ate Irekien Zerbitzua, tenperatuta baxuengatik alarma egoera ezartzen denean abiarazten duten zerbitzua, etxerik gabeko pertsonei aterpea emateko. Harrera Sareak salatu duenez, ordea, zerbitzua ez da haren beharra duten pertsona guztietara iristen: “20 plaza ditu gaua pasatzeko, eta goizean aterpea utzi behar dute, kalera itzulita. GLUZ-ean (Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua) zaurgarri gisa katalogatuta dauden pertsonek soilik erabili dezakete zerbitzu hori”.
Horregatik, GLUZ-ean erregistratuta ez daudenak babesgabe gelditzen direla nabarmendu du Harrera Sareak: “Astearte honetan, errege egunaren bezperan, Harrera Sarea tematu egin behar izan zen zerbitzuak kalean zeuden sei pertsona onartzeko, katalogatuta ez zeudenez, ez baitzituen onartzen, nahiz eta ohe hutsak izan”. Pertsona horiek azkenean onartu egin zituzten neguko aterpean, baina Harrera Sarearen arabera, gauza bera gertatu zen errege eguneko gauean beste bost pertsonarekin, eta nahiz eta tematu, azkenean ez zituzten onartu, eta Harrera Sareak mantak eta bestelako materiala eman behar izan zien gaua pasatzeko.
Hori dela eta, udalaren jarrera salatu dute: “Ez da bidezkoa traba burokratikoak jartzea larrialdi egoeratan. Eta muturreko hotzaren egoera, halakoa da. Jendea kalean utzi daiteke egoera honetan? Termometroa da egoera hauen epailea? Norbait izoztuta hiltzera edo kalte handiak jasatera itxaroten ari gara udal araudieak sen onez egiteko?”. Era berean, udalari eskatu diote Ate Irekien Zerbitzuari aurreikusitako erabilera emateko eta inor kalean ez uzteko, baita plaza gehiago ahalbidetzea, beharrezkoa balitz. Erabiltzaileak goizean aterpetik alde egitera ez behartzeko ere eskatu dute, eta egunean zehar otordu beroren bat eskaintzeko. Bestalde, Udaltzaingoak etxerik gabeko pertsonei zerbitzu horien berri eman behar diela aldarrikatu dute. Harrera Sareak zentzu horretan lan egiten jarraituko duela azpimarratu dute, etxerik gabeko pertsonentzat irtenbide duin baten bila.