Agur Bulebarreko arkupeetako gozoki dendari
Igandean, urtarrilaren 10ean, zabalduko ditu ateak azkeneko aldiz Kuskulok. Gozoki denda ezaguna 1984ko ekainean iritsi zen Bulebarrera. Ordurako, bazegoen beste Kuskulo bat: Portu kalekoa, jabeek sei hilabete lehenago ireki zutena.
Saltoki honek urtarrilaren 10ean itxiko ditu ateak, jabearen erretiroa dela eta», irakur daiteke Kuskulo gozoki dendaren atean. Hainbat belaunalditako lagunen bihotzak astintzeko moduko mezua. «Oraintxe bertan jakin dut itxierarena. Pena handia eman dit», dio Iciar Amor bezeroak. «Zabaldu zutenetik etorri naiz hona. Lehen, seme- alabekin, eta orain, bilobekin. Honen aurretik bazeuden gozoki dendak, baina txikiagoak ziren», esan du Amorrek. Carlos Jimenez ere 30 urte baino gehiagoz izan da Kuskuloko bezeroa. «Txokolateak, txikleak, krispetak… Zinemara joaten ginenean denetarik eraman ohi genuen», azaldu du. «Horrelako saltokiak familiartekoak balira bezala sentitzen dituzu», nabarmendu du Jimenezek.
Gozoki denda honek Gasteizen du jatorria. Izan ere, han bizi ziren dendaren bi bazkide-sortzaileak. Bata Gasteizkoa zen; bestea, berriz, Gipuzkoako herri batekoa. «Elkarrekin lan egiten genuen, beste arlo batean, eta ez genekien ezer gozokien munduaz», azaldu du jabeetako batek. Garai hartan, 1980ko hamarkadaren hasieran, Arabako hiriburuan, Gretel izeneko gozoki denda katea zabaldu zuen Josean Kerejetak —egun, Baskoniako presidentea da—. Ideia hark bultzatuta, beraiek ere Gasteizen gozoki denda bat zabaltzea pentsatu zuten. «Azkenean, nik Donostia ezagutzen nuenez, nire bazkideari proposatu nion hemen irekitzea», adierazi du jabeak.
Hainbat hilabetez Parte Zaharra behatzen aritu ziren leku onena topatu arte. «Bulebarra baztertu genuen, oso garestia zelako». 1983ko abenduaren 2an, Portu kalean, Kuskulo izeneko gozoki denda zabaldu zuten. «Baina zabaldu eta hilabetera, Portu kalean bertan, Frudiskek egoitza bat ireki zuen, eta konpetentzia izugarria egin zigun. Gogoratzen dut lan handia egin behar izan genuela», dio. Handik sei hilabetera, 1984ko ekainean, Kuskulok beste denda bat zabaldu zuen, oraingoan Bulebarrean. «Ez genuen ezer desberdinik eskaintzen, baina bai gauza asko. Bartzelonara, Madrilera eta abarrera bidaiatzen genuen ferietara, zer zegoen ikusteko», azaldu du. Ondoren, langileak kontratatu zituzten eta, apurka-apurka, gozoki dendan lanean egoteari utzi zioten.
Kuskulo edo kuskuilo?
Donostiar guztiek kuskulo ahoskatzen badute ere, goxoki dendaren izena euskarazko kuskuila edo kuskuilo hitzetik dator. «Ez beste bazkidea, ez ni, ez gara euskaldunak. Baina berak behaketa egin eta topatu zuen kuskuilo esaten zitzaiola haur txikiek erabiltzen duten txintxarriz betetako jostailuari», azaldu du jabeak. Hedabide honek begiratutakoaren arabera, Iparraldean txintxarria izendatzeko erabiltzen da kuskuila hitza. Resurreccion Maria de Azkuek idatzitako testu batean, berriz, Nafarroako Erronkaribarreko herri batzuetan kuskuilo hitza erabiltzen zela jasotzen da. Beraz, jatorria hori izan daitekeela pentsa daiteke.
Dendaren errotulua begiratuz gero, L hizkiaren gainean, marratxo bat dago, ele bikoitza ahoskatu beharko litzatekeela erakusten duena. Hala ere, jabeen artean eztabaida izan zuten. «Niri, kuskuilo baino, kuskulo gustatzen zitzaidan gehiago. Eta, gainera, jendeak ere modu horretan ahoskatzen du. Baina nire bazkideari kuskuilo gustatzen zitzaion gehiago, eta elkartzen ginen batzuetan ere oraindik izen hori erabiltzen zuen», dio jabeak.
Eztabaidak eztabaida, Portu kaleko gozoki denda bederatzi urtez izan zen zabalik. Geroztik, Bulebarrekoa izan da Kuskulo bakarra. Igandean hura ere itxiko dute. «Urriaren 12an nire bazkidea zendu zen», azaldu du jabeak. Orduan pentsatu zuen lehen aldiz denda ixtea. «Gainera, salmentek behera egin dute pandemiaren harira», dio. Horren aurretik ere, azken urteetan beherakada izan da, «baina lortzen genuen mantentzea».
Astelehenetik aurrera, Kuskuloren errotulu horia ez da berriz ere piztuko. Erositako gozokiekin izandako oroitzapenek belaunaldi askotako donostiarren oroimenean bizi beharko dute.