Errege Magoak Lesbosera ere iritsi daitezen
Lesbosko errefuxiatuen kanpamenduetan dauden haurrek ere opariak jasotzeko eta jolasteko eskubidea dute, eta jostailuak izan ditzaten lanean dabiltza Morlansko bizilagunak.
Olentzero duela bi aste heldu zen Donostiara, eta hiriko haurrak Errege Magoek aste honetan ekarritako jostailuekin jolasten dabiltza egunotan, baina tamalez, hori ez da leku guztietan gertatzen, eta segur aski, Lesbosko kanpamenduan dauden haur errefuxiatuek ez zuten oparirik jasoko Gabon hauetan. Ordea, atzerapen pixka batekin bada ere, Morlansko Errege Magoak Lesbosera iritsiko dira hilabetea amaitu baino lehen, auzoko bizilagunak errefuxiatuentzako jostailuak biltzen arituko baitira gaur eta datorren ostiralean, 17:00etatik 19:00etara: “Zaporeak elkartearekin lankidetzan antolatu dugu jostailu bilketa. Jostailuak berriak izatea eskatzen dugu, edo erabilita baldin badaude, egoera onean egotea. Ez da beharrezkoa jostailuak euren kaxekin joatea, ondo egotearekin nahikoa da”, azaldu du Olatz Blancok, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak.
Duela lau urte hasi zuen jostailu bilketa Blancok, Zaporeakeko Peio Garcia Amianorekin batera: “Nik elikagaien enpresa batean lan egiten nuen lehen, eta Gurutze Gorriarentzat jostailuak jaso ohi genituen enpresan. Ideia horrekin joan nintzen Peio Garcia Amianorengana, eta proposatu nion Gurutze Gorriarekin egiten genuena Zaporeakekin egitea. Lehenengo urte hartan jostailuz beteriko bi palet oso bidali genituen, oso ondo joan zen. Horrela, bigarren urtean, bilketa auzoan egitea proposatu nuen, eta ordutik, urtero egin dugu”.
Haurrei egiten dien ilusioa ikusita, jostailuak biltzeko lana hartzeak merezi duela nabarmendu du auzo elkartekoak: “Lehenengo urtean, jostailuak Lesbosera heldu zirenean, haurrak poz-pozik agertzen ziren bideo bat bidali ziguten Zaporeakeko boluntarioek; hunkigarria izan zen”. Haur errefuxiatuek bizi duten egoera gordinaren aurrean, jostailuen bidez “pixka bat entretenitzea” da Morlanskoen helburua.
Auzo elkartekoak bildutako objektu guztiak kaxetan sartzeaz arduratuko dira, eta Zaporeakekoek hilaren 16an jasoko dituzte kaxak; Blancok adierazi du aurreikusten dutela jostailuak astebetean iristea Lesbosera.
Koronabirusak baldintzatutako bilketa
COVID-19a dela eta, aurten lan gehiago izango dute Morlansko boluntarioek, jostailu guztiak tentuz desinfektatu beharko baitituzte, Lesbosera bidali aurretik. Horretaz gain, jostailuak eramatera joaten diren pertsonen arteko distantziak mantentzea bermatuko dutela nabarmendu du Blancok.
Hala ere, Morlanskoak uste du pandemiaren testuinguruan jende gehiago joango dela jostailuak ematera, eta bi palet baino gehiago bidali ahal izatea espero du: “Urte zaila izan da, eta suposatzen da denok ikasi dugula solidarioagoak izan behar dugula. Horregatik, beste urte batzuetan baino oihartzun handiagoa izaten ari da jostailu bilketa, eta espero dut lehenengo urteko bi paletak gainditzea”. Ildo horretatik, herritarrak egitasmoan parte hartzera animatu ditu Blancok: “Ez zaigu ezer kostatzen denda batera joatea eta jostailuren bat erostea, eta gure seme-alabek beti izaten dute erabiltzen ez duten baina egoera onean dagoen jostailuren bat; horiek guztiak ongietorriak izango dira”.