«Musika begiekin kontsumitzera ohitzen ari gara»
Unai Pelayo (Egia, 1989) musikariak ‘Burrundaria’ izeneko proiektua aurkeztu berri du eta hilabeteotan oholtzan defendatzen ari da. Dokumental baterako soinu-banda izan behar zuten izen bereko diskoa osatzen duten abestiek, baina irudi eta hitzik gabe geratu dira halabeharrez. Kantu bukatuak dira, ordea, salbuespen egoeran sortuak, proposamen musikal propio bat beste normaltasun baten esperoan. Garaiotan musika egiteaz mintzatu da Pelayo, eta zirkuitu alternatiboaren beharraz.
‘Burrundaria’ aurkeztu zenuen joan den urtearen amaieran. Non du hazia diskoak?
Dokumental bati musika jartzeko proposamena bota zidaten 2020aren hasieran. Gidoi-zirriborro antzeko baten gainean hasi nintzen lehen ideiak garatzen. Irudi gutxi batzuk ere bidali zizkidaten. Garai horretan Italiatik heltzen ziren etengabe notizia eta irudi dramatikoak, eta filmaren ekoizpena italiarra zenez nahiko mesfidati nengoen. Apiril hasieran, dagoeneko gu etxeetan konfinatuta geundela, komunikatu zidaten proiektuak ez zuela aurrera jarraituko, egunerokotasun guztia galdu zuela pandemiagatik, eta ez zela arriskatzeko momentua.
Bukatutako kantuak dira, beraz, edo falta zaie zerbait?
Beti kontsideratu izan dut kantuak, behin grabaketaren argazkia aterata ere, bizi-bizirik daudela eta oraindik ere oso moldagarriak direla, bai nik edo beste inork molda ditzakeela. Kantu hauei atera nahi nien argazkia disko honetan bildu dut. Orain, «beste zerbait» hori entzulearen irudimenari dagokio.
‘Burrundaria’ du izena diskoak, baina kantuetan, bederen, ez zait iruditu burrundara zaratatsurik, gutxienez, dagoenik, zergatik izena?
Duela uda pare bat, oporretan ginela, lagun berezi batek erretratua egin zidan gitarra elektrikoa jotzen ari nintzela, eta Burrundaria izena jarri zion artelanari.
Galdera asko egiten ditu diskoarekin datorren testuak, baina bada baieztapen bat: «2020a esperimentuen urtea izan da». Zergatik?
Xalba Ramirezek idatzi zuen, eta hari galdetu beharko genioke. Bizitzak inoiz esperimentatu ez dugun muturreko egoera batean jarri gaituelako, eta bukletik atera nahi izan dugunean, inoiz egin ez genituenak egiten ipini gaituelako, akaso?
Zer moduz igaro zenuen itxialdia?
Mentalizatua, pazientziarekin eta produktiboa izateko batere ardurarik gabe. Gorabehera emozionalekin, noski.
Eta ondorengo irekialdia?
Irekialdirik ez dut apenas sumatu. 22:00etan etxean egon behar horrek asko baldintzatzen nau orain. Egunak asko konprimitu dira, asteak luzatu, denbora neurtzen ari gara etengabe konpromiso guztietara heltzeko, eta egunerokotasunean inprobisatzeko joera asko galtzen ari da.
Gaur egun, orokortuz, badirudi entzuteko ‘errazak’ diren kantuak nagusitu direla. Nabaritzen duzu horrelako joerarik?
Sumatzen dut errazera jotzeko tendentzia, erraz kontsumitzeko musikara, alegia. Inoiz baino musika gehiago egiten da, baina sortzeko garaian gehiegi erreparatzen zaie modei eta tendentziei, formula konkretu batzuei, eta ematen du entzuleak berak asko arduratzen duela. Entzulea gure mundura erakarri beharrean, kontrako bidea egitera jotzen da askotan. Gure mundua entzuleari bere muturren aurrean jartzeko obsesioa sumatzen dut. Bere arreta bereganatzea eta gu bere mundura egokitu nahi izatearen obsesioa.
Arteak edo sorkuntzak mundua eraldatzeko funtzioa bete beharko luke, beraz, ez dut kontsideratzen tendentzia eta gustu konkretu batzuen menpe sortzen dena ekarpen handirik egiten ari denik. Laburbilduz, esango nuke sortzen den musika asko momentuko tendentzien menpe dagoela.
Bestalde, musika begiekin kontsumitzera ohitzen ari gara, era digital eta berehalako honetan karga handiko irudiekin atontzen dira gero eta mezu sakon gutxiago dituzten kantuak. Apenas digeritzen diren. Horrek eragina du, eta uste dut hurrengo belaunaldietan eragin handiagoa izango duela, kriterio eta sentsibilitate artistikoan.
Kantuak egiterakoan baduzu buruan entzulea? Norentzat sortzen duzu? Nolakoa da zure prozesua?
Sortzeko garaian gitarra edo beste instrumenturen bat hartzen badut nire behar primario bat asetzeko izaten da. Bakarrik sortzen dudanean oso kaotikoa naiz, indiziplinatua, zirriborro eta ideia hutsak ez ditut asko garatzen, oso espontaneoa, eta askotan ideia «jaioberriak» gustatzen zaizkit, asko entseatu gabe ateratzen den hori. Jendearekin sortzerakoan, ordea, diziplinatuagoa naiz. Konprometituagoa, maiztasun batekin geratzen gara entseguetarako, erabakiak hartu behar dira, eztabaidatu, ondokoa konbentzitu, inguruan gertatzen dena entzun eta horren arabera erantzun. Espontaneotasuna beste musikariekin ere asko atsegin dut, besterik gabe, jo, eta gauzak gertatzen joatea. Maite dut diziplina-indiziplina binomio hori.
Gero entzulea dago, harekin nire lana konpartitu eta bere sentsazioak ezagutzeko nahia, baina sortze prozesuan kontsideratzen ez dudana. Bai, ordea, emaitza erakusteko eta aurkezteko prozesuan. Nire kasuan, entzulearen kritikek hobetzeko balio izan didate, horregatik garrantzitsua iruditzen zait Euskal Herrian kritika konstruktiboak gehiago egitera ausartzea. Gure artean hor dagoen gai bat da. Musikaren esparruan ematen du euskaraz argitaratzen den guztia, funtsean, ona dela (kasu gehienetan ona baino hobea), horrenbeste laudoriok kezkatzen nau, eta hau nire ustez gure sorkuntzaren kalitatearen kalterako da. Ez da ezer pasako punta pixka bat zorrozteko joera hartzen badugu.
Zer espero duzu pentsatu, imajinatu, sentituko duela entzuleak disko hau entzuten ari delarik?
Ufa! Ziur bakoitzaren imaginarioak irudi eta sentsazio ezberdinak garatuko dituela. Uste dut ere entzulearen jarrera eta momentu edo egoera emozionalak asko baldintzatuko duela diskoarekiko harremana.
‘Burrundaria’ Balio Dute zigiluaren seigarren diskoa da. Zergatik elkartu beste musikari batzuekin?
Esperientzia ezberdinek eta ideien trukaketak perspektiba ezberdinekin lan egiteko aukera ematen dizu, eta hori behar bezala kanalizatuz gero abantailak besterik ez ditu ekartzen. Azken hilabeteetan elkar ezagutu eta 2020an egon diren erreferentzia berriekin jardun dugu: Mihise, Raitx eta Burrundaria. Etorkizunean ere, erreferentzia berriak argitaratzeko asmoa dugu, eta horiek mapan kokatzeko ahaleginetan segituko dugu, baina kultur ekintzak antolatzeko asmoa ere badugu.
Euskal Herrian antzeko talde gehiago ere eratu dira azken urteetan, nola ikusten duzu panorama?
Bai, halaxe da.. Gasteizen Erraia dago, Mukuru Euskal Herriko puntu geografiko askotan kokatzen diren hainbat talderen elkarlana eta konexioa sustatzen ari da, Donibane Garazin Xofaldia sortu berri da… Pozgarria da sormena eta identitate kulturala erdigunera ekartzen duten kolektiboak loratzea. Erresistentzia, alternatiba eta abangoardia dira.
Nola dago Donostiako eszena une honetan?
Talde eta musikari asko profesionalizaziorantz trantsizio bat egiten ari direla esango nuke, pandemiaren eraginagatik akaso, azken batean, instituzio publikoek eta babesle pribatuek mugitzen duten eszena hori ari delako gailentzen.
Musika sortzaileen aktibitate oro (kontzertuak emateko eta entseatzeko) profesionala izatea da baldintzetako bat pandemian, eta, bestalde, osasun neurriek ezartzen dituzten baliabide material eta humanoek eszena herrikoia pittin bat immobilizatua utzi dute. Zailtasunak daude era horretako kultur ekimenak antolatzeko, eta horrek eragin zuzena du talde hasiberri edo ez hain erreferente edo ezagunengan. Aukerak eta ikusgarritasuna ematen dituen eszena alternatibo herrikoi gaztetxeroaren falta sumatzen da, Donostian akaso pandemia baino lehenagotik, Kortxoenea eraitsi zutenetik edo lehenagotik.
Nolakoa da pandemia betean kontzertu bat ematea?
Arraroa oso. Kontzertua ematea oholtza gainean gertatzen dena baino askoz gehiago da, eta, niretzat, momenturik arraroena, eta aldi berean tristeena, emanaldia bukatu eta berehala aretoa hustu behar izate hori da. Publikoarekin interakzioa asko galtzen da.
Ematen diogu musika entzuteari merezi duen tartea? Iruditu zait disko honek patxada eskatzen duela.
Galderari erantzun borobila eman nahiko nioke, jakinda egongo direla salbuespen batzuk:
Ez, nire ustez ez zaio ematen merezi duen tartea. Lehen ere aipatu dut begiekin entzuteko ohitura hori. Musika kontsumoa kasu askotan modu sekundario batean ematen dela esango nuke. Beste aktibitate bat egiten ari garen bitartean fondoan dagoen zarata gisa. Musikak botere hori dauka, edozein hutsune betetzeko gai da, baina gero eta zarata gutxiago egon inguruan eta arreta handiagoa eskaintzen bazaio bere boterea areagotzen da eta hutsuneak betetzeaz gain norberaren buruan irudiak, pentsamenduak, sentsazioak, sosegua, gelditasuna eta baita mugimendua ere sortzeko gaitasuna dauka, eta hori terapeutikoa da. Nire ikasleei asko gomendatzen diedan ariketa da. Isolatu zaitez estimulu guztietatik eta entzun musika, soilik entzun, entzun, entzun…
2020. urtearen nolako balantzea egingo zenuke?
Iluna. Agerian geratu dira zeintzuk diren bizitza eredu honen dinamikak eta lehentasunak.
Zer nabarmenduko edo gomendatuko zenuke joan den urteak emandakotik?
Nabarmendu nahiko nituzke konfinamendu garaian eman ziren elkartasun eta munduaren ikuspegi orokorra kuestionatzen zuten gogoeta zoragarri horiek, ahanzturan geratu diren gogoeta horiek. Baita pandemia garaian herritik eta herriarentzat kontzertuak edo kultur ekimenak antolatu dituzten herritar ausart horiek ere. Bihotzez eskertzen diet.
Zer eskatzen diozu 2021ari?
Ongizatea, fisikoa eta mentala, denontzat, eta egongo diren ezbeharren aurrean denok indartuta ateratzea. Ohitura onak lehenbailehen berreskuratzea, elkar zaintzea, eta ahalik eta ondorio gutxien utz ditzala hilabete hauetan zehar izan dugun kontaktu fisiko ezak.
Kulturgintzari dagokionez gustatutako litzaidake denok aurrera egitea, inor atzean utzi gabe, elkartasunez. Herri ekimen kulturalek duela hilabete batzuetako erreferentzia, ikusgarritasuna eta indarra berreskura dezatela desira dut. «Alternatibak» bere esparrua berreskuratzea eta ahal den heinean hau zabaltzea.