Pandemia eta negu bete-betean, kale gorrian
Etxegabeen egoera bereziki gogortzen da neguko hotza heltzen denean. Hiriko beste hainbat lekutan gertatzen den moduan, pertsona batzuek Konstituzio plazan lo egiten dute egunero, eta eurentzako irtenbide bat eskatu dute laguntza eskaintzen dieten herritarrek.
Konstituzio plazan, udal liburutegiko arkupeetan babestuta, sei bat pertsona egoten dira egunero, hamarnaka mantaren azpian lo egiten. John eta Mike dira horietako bi, eta hotzarekin gorriak eta bi pasatzen ari direla salatu du Johnek: “Egunotan hotz handia egin du, eta oso gaizki pasatzen ari gara, hotzak eta goseak jota gaude. Pandemia bete-betean bota gintuzten kalera, eta egiten duen hotzarekin kalean gaude”. Izan ere, Infernuan bizi zen John, baina iazko azaroan ‘Fabrika’ pabiloia hustu zutenean kalean gelditu zen, eta ordutik,
Konstituzio plazan pasatzen ditu gauak: “Infernuan egiten genuen lo, eta justifikaziorik gabe handik bota gintuzten, pandemia bete-betean. Hona etorri ginen lo egitera, baina poliziak bota izan gaitu gau batzuetan, nahiz eta euria eta hotza egin”.
Konstituzio plazan lo egiten utzi ez dietenetan, babesgabe gelditu dira, eta Johnek salatu du euren egoera asko okertzen dela horrelakoetan: “Bota izan gaituztenetan, euripean alde batetik bestera ibili izan gara lo egiteko leku bila. Hankan mina dut, eta hotzarekin okerrera egin du; horregatik, bi aldiz egon naiz ospitalean azken hilabeteotan”. Johnek denbora asko darama Donostian, eta gizartearen arrazismoa salatu du: “Donostian ez dago etorkinekiko errespeturik. Hotzak eta goseak jota nago, ez dut lanik egiten eta ez dut laguntzarik kobratzen. Etxebizitza bat behar dut, baina erakundeek ez didate laguntzen”. Johnek aspaldi eskatu zuen hitzordua udal ordezkariekin, eta hilaren 24an izango du, asko itxaron ondoren; gainontzekoek, ordea, ez daukate hori ere ez.
Mike ere Infernuan bizi zen Poliziak gune hori hustu zuen arte, eta orain han baino baldintza okerragoetan bizi direla deitoratu du: “Ez da bidezkoa jendea horrela egotea, kale egoeran. Nik Infernuan egiten nuen lo, baina bota egin gintuzten, eta kale gorrian gaude, oso gaizki. Ia hamabi urte daramatzat Espainiako Estatuan, eta ia bederatzi urte Euskal Herrian, eta ez daukat ezer, kalean utzi naute”.
Mohammedek ere Infernuan egiten zuen lo eta kalean gelditu zen polizia operazioaren ondoren, baina Johnek eta Mikek baino zorte pixka bat gehiago du, plaza lortu baitzuen Hotzaldi aterpean. Hala ere, eguna Konstituzio plazan lo egiten dutenekin pasatzen du: “Ia urtebetez Infernuan izan ondoren, kalean geratu nintzen. Orain, behintzat, lo egiteko plaza bat daukat Hotzaldin, baina egunean zehar ezin dut han egon, eta hona etortzen naiz, nire kideekin egotera”. Izan ere, John, Mike eta gauak Konstituzio plazan pasatzen dituztenak oso egoera zaurgarrian daudela deitoratu du: “Egiten duen hotzarekin, bereziki gaizki daude nire kideak”.
Mohammedek lana zuen lehen, baina koronabirusarekin, kalean gelditu zen: “Portu kaleko jatetxe batean lan egiten nuen lehen, baina koronabirusa dela eta, lanik gabe gelditu nintzen. Agintariei etxebizitza duin bat eskatzen diet, baita lanpostu bat edo laguntza bat ere”.
Herritarrak irtenbide eske
Egoera ikusita, Konstituzio plazan lo egiten duten pertsonei laguntzeko antolatu ziren Parte Zaharreko hainbat bizilagun, tartean Agus Rodriguez: “Hiru lagun elkartu ginen pertsona hauei gauero janaria eramateko. Bizilagun gehiagok gurekin bat egin zuten, eta gaur egun hamahiru lagun gaude taldean. Berokiak eta mantak ere eramaten dizkiegu”. John, Mike eta Mohammed oso eskertuta agertu dira boluntario taldearekin: “Beraiei esker, egunean behin jan dezakegu behintzat”.
Hain zuzen, boluntario talde horrek udalak pertsona horiekiko duen jarrera salatu du berriki, Udaltzaingoak Konstituzio plazatik alde egitera behartu dituelako bi aldiz: “Lehenengoan, Kontxako arkupeetan egin zuten lo, baina itsasoak zeukaten guztia busti zien. Hurrengoan arkupe horiek itxita zeuden, eta leku batetik bestera ibili ondoren, kale gorrian lo egin behar izan zuten”, azaldu du Rodriguezek. Horregatik, idatzi bat erregistratu dute udalean, eta EH Bilduk gaiari buruz galdetu zion alkateari. Rodriguezen arabera, haren erantzuna izan zen Udaltzaingoa liburutegiko langileek eskatuta joan izan dela, sarrerako eskaileretatik kendu daitezen.
Udalak azaldu duenez, kale egoeran dauden pertsonen jarraipena egiten du: “Lokalizatuta, identifikatuta eta zerbitzuen balorazioa eginda dauden guztiei udal baliabideetan lo egiteko aukera ematen zaie. Horietako askok ez dute aukera hori baliatu nahi izaten, arrazoi asko tarteko, eta hala, udal baliabideen erabilerarik ez egitea nahiago izaten dute”. Udalaren arabera, baliabideak erabili nahi ez dituztenen arrazoia “konpromiso eta betebehar batzuk hartzeko prest ez daudela” izaten da, “gehienetan”. Era berean, udalak nabarmendu du Konstituzio plazan lo egiten duten pertsonek etxerik gabeko gainontzekoek jasotzen duten tratu eta eskaintza bera jasotzen dutela.
Gizarte Ekintza zerbitzuak kalean dauden pertsonen jarraipena egiten du, hirugarren sektoreko hainbat elkarte eta erakundeen laguntzari esker. Lokalizatuta eta identifikatuta, baita zerbitzuen balorazioa eginda dauden guztiei, udal errekurtsoetan lo egiteko aukera ematen zaie. Horietako askok ez dute aukera hori baliatu nahi izaten, arrazoi asko tarteko (konpromiso eta bete behar batzuk hartzeko prest ez daudelako, gehienetan), eta hala, udal errekurtsoen erabilerarik ez egitea nahiago izaten dute.
Udalak Ate Irekien Zerbitzua ireki du aste honetan, neguan etxegabeentzako eskaintzen duen aterpea, eta asteartean Konstituzio plazan egon ohi direnetako hiruk han egin zuten lo, baina Rodriguezek nabarmendu du horrekin ez dela nahikoa: “Oso plaza gutxi daude hor, eta ez dakite noiz arte ahal izango duten hor lo egin. Gainera, Harrera Sarekoek esan digutenaren arabera, 300 pertsona inguru daude kale egoeran Donostian, beraz, udalaren plazak oso murritzak dira”. Era berean, Rodriguezek nabarmendu du etxegabe gehienak ez daudela kalean hala nahi dutelako, erakundeen baliabideak ez direlako denetara iristen baizik: “Baliabideak egon badaude, baina ez daude aktibatuta. Beraz, eskatzen dugu dauden baliabideak aktibatzeko, eta gehiago behar badira, jartzeko”.