Haur eta gazteek ere kirola egin nahi dutela aldarrikatu dute
Eskola kirola itzultzea eta kirola ezinbesteko jardueratzat hartzea nahi dute Bultza Kirola eta SOS Eskola Kirola plataformek, eta ehunka lagun mobilizatu dira Donostian hori aldarrikatzeko.
Donostiako kaleak ehunka haur, gazte eta gurasoz bete dira larunbat eguerdian, eta eskola kirola itzultzeko eta kirola ezinbesteko jarduera gisa hartzeko aldarrikatu dute. Bulebarretik abiatu da manifestazioa, eta hiriko zein Gipuzkoako kirol elkarte ugarik bat egin dute mobilizazioarekin. Haur eta gazte askok euren klubetako ekipazioa eta baloiak zeramatzaten, eta ukitu batzuk emateko astia ere aurkitu dute.
Erdialdeko kaleetatik pasa ondoren, Bulebarrera itzuli dira manifestariak, eta Lara Gonzalez Ibaeta Basketeko jokalari profesionalak irakurri du manifestua kioskoan. Nabarmendu du “kirol guztia funtsezko jarduera gisa hartzeko” eskatzen diotela Eusko Jaurlaritzari, hala egin baitute “Europako herrialde gehienek eta Espainiako Estatuko autonomia erkidegoek”. Pandemia egoeran ere, kirola egitea segurua dela azpimarratu du Gonzalezek: “Kirola irtenbidearen parte da, ez arazoaren parte”.
Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak 2020ko azaroaren 6ko dekretuan bertan behera utzi zuen eskola kirola, haur eta gazteen kirol erregulatua. Beste zailtasun bat da hori, askok martxotik daramatelako ezer egin gabe. Horregatik, hedabide honek Bultza Kirola eta SOS Eskola Kirola plataformekin hitz egin du aste honetan, euren aldarrikapenak erreportaje batean jasotzeko. Gonzalezek elkartasuna helarazi die haur eta gazte kirolariei: “Espero dut laster denak ni bezala kirola egiten aritzea, eta pistetan elkar ikustea”.
Jarraian, manifestazioan egindako argazkiekin osatutako irudi bilduma: