Itaiak babesa helarazi die aste honetan eraso matxista bat pairatu duten bi adingabeei
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta, hainbat herritar mobilizatu egin dira larunbat eguerdian, astelehen gauean eraso matxista bat pairatu zuten adin txikiko bi emakumeei babesa adierazteko, eta erasoa bera salatzeko. Hain zuzen, urtarrilaren 4ko gauean Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu zuen Donostiako erdialdean, bi adingaberi sexu abusuak egin izana leporatuta.
Elkarretaratze feminista Artzain Onaren katedralaren atzean izan da, Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean. “Gure eginbeharra da indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak sortzea, emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatzea eta egoera horietatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatzeari ekitea”, nabarmendu dute.