Presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak Donostiako kaleak bete ditu
Milaka lagunek Bilboko eta Baionako kaleak hartu ohi dituzte urtero urtarrilean, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde, baina aurten, COVID-19aren pandemia dela eta, mobilizazioak Euskal Herri osoan zehar antolatu ditu Sare Herritarrak, eta 200dik gora herri eta hiritan herritarrak kalera atera dira. Donostia ez da gutxiago izan, eta ehunka lagunek “salbuespenezko espetxe politikarekin” bukatzeko eskatu dute Bulebarretik Amara Berriko Pio XII.aren plazaraino joan den manifestazioan. Sarek sei eskakizun zehatz egin dizkiete Espainiako eta Frantziako Estatuei: presoak Euskal Herriratzea, gradu progresioa ahalbidetzea, adinekoak eta gaixorik daudenak etxeratzea, guraso presoen seme-alaben eskubideak errespetatzea eta Frantzian betetako zigor urteak Espainian kontuan hartzea, hain justu.
Bidea gara lelopean mobilizatu dira herritarrak, eta hiru ilara osatuta Bulebarretik, Urbieta kaletik eta Antso Jakitunaren hiribidetik pasa ondoren, Pio XII.aren plaza inguratu dute manifestariek. Hizlariek eskerrak eman dizkiete manifestazioan parte hartu duten norbanako, eragile eta bestelako erakunde guztiei, eta Sareren aplikazioa deskargatzera animatu dituzte herritarrak, horren bitartez egunez egun egiten dituzten kilometroak Sareri helarazteko. Izan ere, Euskal Herriko biztanle guztien artean 3.127.326 kilometro egiteko helburua dute Sarekoek, Euskal Herriko biztanle kopurua bezain beste kilometro, alegia. Horrela, Sare Herritarraren xedea ikusgai egin nahi dute: “Hiru milioi biztanleko herri bat, xede bakarrarekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea”.
Urtero Madrilgo herritar talde bat Bilboko manifestaziora joaten da, baina aurten ezin izan dutenez Euskal Herrira etorri, elkartasunezko gutun bat bidali dute, eta manifestari guztien aurrean irakurri dute hizlariek. Motxiladun haurren egoera pandemia egoera asko gogortu dela nabarmendu dute, eta bi motxiladun haur igo dira oholtzara, kantu baten bidez euren bizipenak kontatzeko; Pio XII.aren plazan bildutakoek hunkituta txalotu dute abestia. Ondoren, Ramon Agirrek eta Onintza Odriozolak hartu dute hitza, eta presoak etxeratzeko eta elkarbizitzarako bidean urratsak ematen ari direla nabarmendu dute: hurbilketak, gradu progresioak eta Frederique Haranburu Xistor baldintzapean askatu izana, besteak beste. Urrats horiek “bidea egiteko aukera badela” erakusten dutela adierazi dute, baina baita oraindik “nahikoa” ez dela azpimarratu ere. Horregatik, bide hori “finkatzeko” garaia dela aldarrikatu dute, eta herritarrak mobilizatzen jarraitzera deitu dituzte, haiek direlako bidea finkatzeko “bermea”: “Gu gara bidea”. Ekitaldia bukatzeko, Iker Lauroba eta Eneko Sierra musikariak eta aipatu motxiladun haurrak igo dira oholtzara, eta presoen eskubideen alde abestu dute, manifestariek Pio XII.aren plaza euren mugikorretako argiekin argitzen zuten bitartean.
Hedabide honek Gurutz Sanzberro Sareko kidearen adierazpenak jaso ditu, eta bideoa osatu du adierazpenekin, manifestazioan jasotako irudiekin eta ekitaldiko kantuekin:
Argazki bilduma osatu dugu, Joseba Parron argazkilariak manifestazioan egindako irudiekin: