Subrogazioa aintzat hartuko duen hitzarmen baten alde mobilizatu dira San Juan de Dios ospitaleko langileak
ELA eta LAB sindikatuek deituta, Zorroagako San Juan de Dios osasun mentaleko ospitaleko hainbat langile mobilizatu egin dira eguerdian Donostian. Zentroko langileentzako lan hitzarmen berri bat eskatzeko egin dute elkarretaratzea, izan ere, indarrean dagoen hitzarmenak ez du subrogazioa aintzat hartzen, eta horrek lanpostuak galtzeko arriskua areagotu egiten du. Hitzarmena bai, inposaketarik ez lelopean egin dute elkarretaratzea, eta “Hitzarmenik gabe, etorkizunik ez” eta “Osasungintzarik ez, duintasunik gabe” aldarrikapenak oihukatu dituzte, besteak beste.
Sindikatuen arabera, hitzarmena duela 20 urteko Gipuzkoako osasungintza pribatukoa da, eta orain arte hura hobetu duten akordioak “enpresa barrukoak” baino ez dira izan. Hobekuntza horietan ez da subrogazioa jaso, eta horregatik, sindikatuek salatu dute enpresak –Osakidetzarekin akordioa duenak– lizitazioa eta horrek eragingo lukeen lanpostu galera erabiltzen duela “langileak beldurtzeko”. ELAk eta LABek bi urte daramatzate hitzarmen berri bat eskuratzeko negoziatzen, baina salatu dutenez, enpresak “oso jarrera itxia” agertu du negoziazioen aurrean. Gaurkoa lehenengo mobilizazioa izan da, baina gehiago egingo dituztela iragarri dute.