San Martingo saltokiak auzoko danborradetako jantziekin apainduko dituzte

San Sebastian eguna modu sinbolikoan ospatuko dute San Martin auzoan, saltokiak auzoko danborradetako jantziekin eta bestelako osagarriekin apainduta. San Martin Auzoa plataformak antolatu du egitasmoa, auzo historikoaren –Aldapeta kaletik Londres hoteleraino doana, Easo kaleko alde bikoitia hartuta– izaera berreskuratzeko helburuarekin sortutako eragileak.
Marta Fernandez plataformako kideak azaldu duenez, danborradek jotzeko aukerarik izango ez dutenez, auzoan sortzen duten giroa eskertzeko abiatu dute egitasmoa: “Danborradek giro handia sortzen dute auzoan, eta horregatik, keinu bat egin nahi izan diegu, San Sebastian eguneko espiritua presente egon dadin”.
Sei dira auzoko danborradak: Amigos del Europa, Donostiako Atletiko, Londres Hotela, Ingeniariak, Ondar Gain eta Anastasio, eta seiretako objektuak ikusi ahal izango dira hamazazpi saltokitan: Area Inmobiliaria-n, Ados Mobiliario-n, Ana Kortadi-n, Lobo tabernan, Barayazarra y Casteres-en, Centro Medico San Martin klinikan, Centro Quiropractico San Sebastian klinikan, La Pasteleria de Elena gozotegian, Lanetanen, Justo liburu dendan, MA ile apaindegian, Mendiaraz klinikan, Maloa ile apaindegian, Podologia San Sebastian klinikan, Tocados Oh-n, Un Rincon para Ti arropa dendan eta Why Not?-en.
Hain zuzen, danbor jotzaileen jantziak Ados Mobiliarion jarriko dituzte, kantineren eta banderadunenak Un Rincon Para Ti-n, danbor nagusiek txanoak Tocados Oh-n eta banderak Centro Medico San Martin klinikako balkoietan jarriko dituzte. Gainontzeko saltokietan, aipatu danborradetako askotariko objektuak ikusi ahal izango dira.