San Sebastian eguneko bandera igoera, jaitsiera eta haur danborrada 'streaming' bidez eskainiko ditu udalak
Hiru grabazio eskainiko ditu udalak San Sebastian egunean, eta 10.000 bandera banatuko ditu herritarren artean. Bandera igoerako eta jaitsierako danbor eta barril nagusiak ez dira Gaztelubidekoak eta Union Artesanakoak izango.

Pandemia dela eta, San Sebastian egun berezia izango da aurtengoa: festarik ez da izango, baina udalak jaia modu sinbolikoan ospatzea sustatuko du. Jon Insausti Festetako zinegotziak hedabide honi azaldu dionez, hiru grabazio eskainiko dituzte streaming bidez eta ETB1 telebista katearen bitartez: bandera igoerako emanaldia, haur danborradakoa eta bandera jaitsierakoa: “Igoera 19 gaueko hamabietan izango da, haur danborrada 20 eguerdiko hamabietan eta jaitsiera gaueko hamabietan. Hiru ordu horiek errespetatu nahi genituen, urteroko legez”. Hiru emanaldietako grabazioa lanak astelehenean hasi zituzten Viktoria Eugenia Antzokian, eta gaur, hilaren 13an, bukatuko dira. Insaustik azaldu duenez, egitasmo “parte-hartzailea” izatea nahi zuten, eta horregatik, hiriko hainbat eragilek hartu dute parte: “Hala nahi izan duten helduen eta haurren danborrada guztiek ordezkari bat bidali dute, Donostiako Musika eta Dantza Eskolako irakasleek musikari banda osatu dute, Orfeoiak eta Easo Abesbatzak abestuko dute eta Goizaldik eta Kresalak dantzatuko dute”.
Bestalde, berritasun garrantzitsu bat izango da aurtengo bandera igoeran eta jaitsieran: danbor eta barril nagusiak ez dira Gaztelubide eta Union Artesana danborradetakoak izango. Insaustik azaldu duenez, “donostiar guztientzako” emanaldiak izango direlako hartu dute erabaki hori: “Konstituzio plazakoak ez dira izaten Donostiako bandera igoera eta jaitsiera bakarrak, hainbat auzotan ere egiten dira. Horregatik, grabazioak ez zuen zertan Konstituzio plazako ekitaldiko egitura jarraitu behar”. Horrela, zozketa bidez aukeratu dituzte aurtengo danbor eta barril nagusiak, izena eman zuten konpainien artean. Bandera igoeran Baso Etxea danborradako Leandro Carro izango da danbor nagusia, eta Tenis danborradako Irati Enjuto barril nagusia. Jaitsieran, aldiz, Gure Bordako Arantzazu Lersundi izango da danbor nagusia, eta Intxaurrako Braulio Barreiro barril nagusia. Hala ere, igoeran eta jaitsieran ohiko abestiak joko dituzte.
Insaustik nabarmendu du irailean hasi zirela San Sebastian egunaren inguruko hiriko eragile guztiekin biltzen, eta hortik atera zela streaming-aren ideia: “Hiriak duen festarik maitatuena da, eta pentsatu genuen beharrezkoa zela zerbait berezia egitea. Horregatik hasi ginen eragileekin hitz egiten, euren asmoak eta iritziak ezagutzeko: batzuk jarduerak antolatzearen aldekoak ziren eta beste batzuk aurkakoak, denetarik zegoen. Hiru oinarri adostu genituen: osasun publikoa lehenetsiko genuela, gune publikoetan ez genuela ezer egingo eta egiten genuena parte-hartzailea izango zela, donostiar guztientzat”. Hortik abiatuta, hiru egitasmo sustatuko ditu udalak: “Alde batetik, balkoiak eta leihoak apaintzeko deia zabalduko dugu, izan ere, 2020an elkartasunaren sinbolo izan dira balkoiak eta leihoak, eta iruditu zitzaigun polita zela San Sebastian egunean ere hala izatea. Bestetik, askok San Sebastian eguna triste pasako dugunez, eduki bat sortzeko ideia atera zen, eta horregatik ari gara Viktoria Eugeniako grabazioak egiten. Azkenik, haur danborrada guztietako jantzien txantiloiak eskuragarri jarri ditugu Danborrada.eus webgunean, haurrek deskargatu eta euren kabuz marraztu eta koloreztatu ahal izateko. Horrela, bakoitzak nahi duen lekuan jartzeko eta egun horretan presente egoteko. Gainera, hori betirako gelditu daiteke hor”.
Balkoiak eta leihoak apaintzeko, udalak materiala banatuko duela azaldu du Insaustik: “Balkoiak eta leihoak apaintzera animatu ditugu herritarrak, baina ez hori bakarrik, materiala ere emango diegu, 10.000 bandera banatuko baititugu udaletxean eta kultur etxeetan”. Material hori ostiralean, hilaren 15ean hasiko dira banatzen. Horretaz gain, hainbat auzotako saltokietako erakusleihoetan auzoko danborradetako jantziak jarriko dituzte ikusgai; guztira, 86 jantzi izango dira ikusgai, helduen danborradetako 55 jantzi eta haur danborradetako 31 jantzi.
Jarduera horiek guztiak San Sebastian eguna modu sinbolikoan ospatzeko helburuarekin antolatu dituztela azpimarratu du zinegotziak: “Guk ez dugu festarako deirik egingo, aurten ez delako festa egun bat. San Sebastian eguna da eta listo. Zerbait atsegina egiten saiatu gara, modu sinbolikoan bada ere, eguna gogoratzeko. Datorren urtera begira, ea garai hobeak datozen eta behar bezala ospatu dezakegun”.