Txillardegik euskarari egindako ekarpena aitortu dute 'Ur Handitan' telebista saioan
ETB1 telebista kateko Ur Handitan saioak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012) idazle, hizkuntzalari eta politikari donostiarraren ibilbidea izan zuen hizpide atzo, hilaren 12an. Euskara batuaren sorrera aztertu zuen saioak Euskara batua zertan den dokumentalaren bidez Txillardegi-ren ibilbidea errepasatuta. Izan ere, euskara batuaren sortzaile eta sustatzaile nagusienetako bat izan zen hizkuntzalari donostiarra, nahiz eta Euskaltzaindiak ez zuen inoiz euskaltzain oso izendatu.
Eneka Alvarez Txillardegi-ren biloba eta euskal filologoa izan zen dokumentalaren ardatza, eta idazlearen gertukoak izan ziren hainbat pertsonaren bidez errepasatu zuen bere aitonaren ibilbidea. Hala nola, Joseba Alvarez Txillardegi-ren semeak, Pako Sudupe filologoak, Jean-Louis Davant idazleak, Xabier Amuriza bertsolariak eta Miren Rubio biografoak hartu zuten parte.
Enparantzak euskara batuari egindako ekarpena izan zuen hizpide saioak, baina hori ulertzeko, beharrezkoa da bere ibilbide guztia ezagutzea, eta hala egin zuten. Txillardegi-ren haurtzarotik hasi ziren, eta pixkanaka denboran aurrera egiten joan ziren, haren ibilbideko arlo guztiak errepasatuz: politikoa, kulturala eta pertsonala. Dokumental osoa Nahieran atarian dago ikusgai.