Zubietako erraustegiaren kudeaketa "arduragabea" salatu du GuraSOSek

Gipuzkoako Fiskaltza Zubietako erraustegiaren legeztatze prozesuan izandako ustezko irregulartasunak ikertzen hasi da. GuraSOS plataformak aurkezturiko salaketa aintzat hartu dute. Erabaki horren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur Joseba Belaustegi eta Mertxe Petxarroman plataformako kideek, eta horiek jaso ditu Berria egunkariak.
Epaileei eskatu diete ikerketa fasea irekita dagoen bitartean azpiegituraren jarduera behin-behinean etetea. Belaustegik salatu du hondakinak tratatzeko instalazioa, “bere osotasunean”, era “arduragabean” ari direla kudeatzen, “ezkutuan”, eta ingurumenarengatik zein segurtasunarengatik “erdeinua” adieraziz.
Atzo sute bat sortu zen erraustegian, eta GuraSOSeko kideek azpimarratu dute azken hilabeteetan piztu den hirugarrena dela. Belaustegik azpimarratu duenez, ez dira “ezustean” gertatutakoak, eta pizten dira hondakinen hobiaren funtzionamendu “okerraren ondorioz”. GuraSOSekoak zehaztu du hobian metanoa sortzen dela, eta horrek eragiten dituela suteak, “Zaldibarko zabortegian gertatu zen moduan”.
Plataformaren esanetan, instalazioko bi labeak eta balorizazio katearen atalak “modu ilegalean” funtzionatzen ari dira, nahiz eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak iragarri zuen, lehengo astelehenean, transformadore nagusia asteburuan jarri zutela martxan —irailean erre egin zen—, “normaltasun osoz eta topera”. Belaustegirentzat, GHK-k “saihestu” egin du instalazioaren “ilegaltasun egoera”. Bere ustez ezin da esan erraustegia bete-betean funtzionatzen ari dela, “ez duelako gainditu proba fasea, eta are gutxiago ez gas eta argindar instalazioen ikuskatzea, ezta segurtasuna bermatzeko eta ingurumena babesteko behar diren baimen, homologazio eta agiri multzoa”. Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak “espediente asko” helarazi beharko dizkio fiskaltzari.