Bandera igoera, jaitsiera eta haur danborrada 'streaming' bidez eskainiko ditu udalak
San Sebastian eguna modu sinbolikoan ospatzera deitu du udalak: hiru grabazio eskainiko ditu ‘streaming’ bidez, eta balkoiak apaintzeko 10.000 bandera banatuko ditu.
Donostiako Udala irailean hasi zen sansebastianetan zeresana duten eragileekin biltzen, pandemiak baldintzatutako San Sebastian egunean egin zitekeena aztertzeko. Jon Insausti Festetako zinegotziak azaldu duenez, bilera horietatik hiru ondorio nagusi atera zituzten: “Ondorioztatu genuen osasun publikoa lehenetsiko genuela, ez genuela espazio publikoan jarduerarik egingo eta antolatzen genuena parte-hartzailea izango zela”.
Hortik abiatuta, danborrada presente egoteko eduki bat sortzeko ideia izan zuten: “Hiru pieza izango dira: bandera igoera 19an gaueko hamabietan izango da, haur danborrada 20 eguerdiko hamabietan, eta jaitsiera gaueko hamabietan. Hiru ordu horiek errespetatu nahi genituen, urteroko legez”. Grabazioak aste honetan egin dituzte Viktoria Eugenia Antzokian, eta ETB1 telebista katearen eta udalaren sare sozialetan streaming bidez ikusi ahal izango dira.
Helduen eta haurren danborrada gehienetako ordezkariek hartu dute parte grabazioetan, baita udaleko Musika eta Dantza Eskolako musikari banda batek, Donostiako Orfeoiak, Easo Abesbatzak eta Kresala eta Goizaldi dantza taldeek ere. Bestalde, Insaustik nabarmendu du «donostiar guztientzako» emanaldiak direla: “Ez dugu Konstituzio plazako emanaldia Viktoria Eugeniara eraman. Hirian bandera igoera eta jaitsiera ugari egiten dira, eta emanaldi hau denentzako denez, ez ditu zertan Konstituzio plazako irizpideak jarraitu behar”. Horregatik, danbor eta barril nagusiak ez dira Gaztelubidekoak eta Union Artesanakoak izango, zozketa bidez aukeratutakoak baizik: igoeran Baso Etxeako Leandro Carro eta Tenisko Irati Enjuto izango dira danbor eta barril nagusia. Jaitsieran, aldiz, Gure Bordako Arantzazu Lersundi eta Intxaurrako Braulio Barreiro izango dira danbor eta barril nagusia.
Era berean, hiriko balkoiak eta leihoak apaintzeko deia zabaldu du udalak, eta horretarako, gaurtik aurrera, 10.000 bandera banatuko dituzte udaletxean eta kultur etxeetan, baita Danborrada.eus webgunean haur danborrada guztietako jantzien marrazkiak eskuragarri jarri ere. Bestalde, hiriko hainbat auzotako erakusleihoetan dagokion auzoko danborradetako jantziak jarriko dituzte ikusgai. Horretaz gain, udaleko txistulariek kontzertu berezia eskainiko dute igandean, Koruko Andre Mariaren basilikan, 12:30etik aurrera. Kantuban Abesbatzarekin, Miren Urbieta-Vegarekin, Aiert Beobiderekin eta Nogenekin batera joko dute.
Ospakizunak bere hartan egiteko unea iritsiko dela nabarmendu du Insaustik: “Danborrada hamasei aldiz gelditu da bertan behera historian zehar, eta aurtengoa bat gehiago izango da. Horregatik, zerbait atsegina egiten saiatu gara, modu sinbolikoan bada ere, eguna gogoratzeko”.