Jairik gabe ere, gu beti pozez
Errege Eguna pasata, San Sebastian egunera begira jartzen da Donostia, baina aurten, koronabirusaren pandemia dela eta, ez da danborrada girorik arnasten hirian. Egoerak baldintzatuta, hilaren 20an ez dira ohiko jarduerak eta ospakizunak egingo, eta jaia modu sinbolikoan ospatzea da aukera bakarra. Horrela, danbor eta barril hotsak kaleetatik etxeetara pasako dira.
Egoera normal batean, egunotan Donostiako danborrada guztietako entseguak entzungo ziren, Konstituzio plazako eta hiriko beste hainbat plazatako eszenatokietako muntaketa lanak hasita egongo lirateke eta herritarrak San Sebastian egunerako planak egiten arituko lirateke. Koronabirusaren pandemiak, ordea, bizitzako arlo guztiak baldintzatu ditu, eta San Sebastian eguna ez da gutxiago izango. Plazetan ez dira danbor eta barril hotsak entzungo, baina Sarriegiren doinuak balkoietan joko dira, koronabirusaren gainetik, festa bihotzean baitaramate donostiarrek.
San Sebastian egunaren erdigunea Parte Zaharreko Konstituzio plaza da, jendez betetzen baita bandera igoera eta jaitsiera ikusteko. Gutxi batzuek, aldiz, igoera eta jaitsiera balkotik bizitzeko pribilegioa dute, plazako estutasunetik urrun. Oroitz Cialceta Konstituzio plazako bizilaguna da betidanik, eta, beraz, pribilegiatu gutxi horietako bat da: “Txikitatik balkoitik bizi izan dudanez, nik ez dakit zer den danborrada plazatik bizitzea. Goitik dena ikusten duzu lasai-lasai, eta behean bazaude agian ez duzu oholtza ere ikusten; esperientzia zeharo desberdina da”. Etxean euren ohitura propioak dituztela azaldu du Cialcetak: “19an nik afaria egiten dut lagunekin, eta 20an, aldiz, amak egiten du afaria bere lagunekin. Afaria ospakizunerako aitzakia da, gero balkoira ateratzen baikara jaiaz gozatzera”.
Aurten, aldiz, ez dute balkoitik danborradarik ikusiko: “Pena da, hiru urtez kanpoan ikasten egon ondoren, gogoa nuelako aurten San Sebastian eguna zuzenean bizitzeko, baina datorren urtera arte itxaron beharko dut. Hala ere, ezin diogu hainbeste pisu eman jai bati, osasuna horren aurretik dagoelako; urtero dago San Sebastian eguna ospatzeko aukera”. Horregatik, aurten jendeak ospakizun sinbolikoetara joko duela deritzo Cialcetak: “Uste dut Konstituzio plazan bizilagunak aterako direla balkoietara martxa jotzera; familia asko bizi dira hemen, eta umeak jotzeko gogo handiarekin daudela iruditzen zait”.
Konstituzio plazakoak, ordea, ez dira Donostiako bandera igoera eta jaitsiera bakarrak izaten, hainbat auzotan ere halakoak egiten baitira. Amara Berrin, esaterako, giro handia izaten da Armeria plazan: “San Sebastian eguneko 20:00etan lau danborrada elkartzen dira hemen, 700 lagun inguru; gure Konstituzio plaza propioa da”, nabarmendu du Jesus Ausejok, Amara Berriko, Loiolako Erriberako eta Morlansko danborraden delegatu eta Amarakaldek elkarteko presidenteak. Ausejok azaldu duenez, azken hamarkadan areagotu egin da Armeria plazako giroa: “Duela hamabi urte inguru, sei danborrada baino ez zeuden auzoan, beraz, hainbat bizilagun mugitzen hasi ginen, danborrada jo nahi zutenek auzoan jotzeko aukera izan zezaten. Horrela, gero eta mugimendu gehiago sortzen joan zen, eta gaur egun hemeretzi danborrada ditugu auzoan”. Hasieratik ikusi zuten Armeria plaza zela auzoko ospakizun nagusiak egiteko lekurik aproposena, horregatik, urtero apaindu egiten dute: “Agertokia jartzeaz gain, auzoko danborrada guztien estandarteak jartzen ditugu plazan, eta bizilagunek ere euren balkoiak apaintzen dituzte; giro aparta izaten da”.
Mari Jose Rezabal Armeria plazako bizilaguna da balkoia apaintzen duen horietako bat: “Aurten ez dakit auzoa asko apainduko den, baina nik nire balkoia urteroko moduan apainduko dut, garrantzitsua delako San Sebastian eguna presente egotea: Amara Berri ikastetxeko danborradako haurren, helduen eta 25. urteurreneko estandarteak jartzen ditut, baita Realeko bandera, ikurriña eta Donostiako bandera ere”. Danborra jotzen ez badu ere, Rezabal Amara Berri ikastetxeko danborradan laguntzaile lanetan aritzen da, eta sansebastianak oso gertutik bizi ditu: “Lehenengo entseguak entzuten direnetik, San Sebastian eguna iristeko irrikaz egoten naiz, eta dena prestatzen hasten naiz. Aurten, ordea, falta zaigu urtarrilaren 20aren aurreko egunetan plaza honetan izaten den saltsa: jendea apaingarriak jartzen, eszenatokia muntatzen, eta abar”.
Hutsune hori dela eta, Ausejo baikorra da datorren urtera begira: “Nik uste dut egoera honek datorren urtean danborrada gehiago sortzea ekarriko duela, jendea gogoz geldituko delako. Aurten, guk jendea animatuko dugu balkoiak apaintzera eta hamabietan martxa jotzera ateratzera. Nik uste dut jende asko egunean bertan animatuko dela, danbor hotsak entzutean”. Rezabalek argi dauka: “Nire etxean balkoira aterako gara jotzera, eta uste dut ingurukoak ere animatuko direla. Datorren urtean, aldiz, Donostia erreko dugu”.
Herritarrak euren balkoiak eta leihoak apaintzera deitu ditu udalak, baita streaming bidez eskainiko dituzten piezekin batera etxean danborrada jotzera ere. Deialdiarekin bat egin dute hiriko hainbat auzotako eragileek. Loiolan, esaterako, Loiolatarra eta Zuhaitz konpainiek danborrada jotzeko materiala banatuko dute bizilagunen artean, eta Bidebietan, auzo elkarteak bizilagunak animatu ditu auzoa txuri-urdinez janztera. Bestalde, San Martin auzoan, hango saltokiek sustatuta, auzoko sei danborraden jantziak eta bestelako materiala ikusgai jarriko dituzte erakusleihoetan: “Euren jantziak, txanoak eta bestelako osagarriak utziko dizkigute, guk auzoko saltokiak horiekin apaintzeko”, azaldu du Marta Fernandezek, San Martin Auzoa plataformako kideak. “Danborradek giro handia sortzen dute auzoan, eta horregatik, keinu bat egin nahi izan diegu, San Sebastian eguneko izpiritua presente egon dadin”, gaineratu du Fernandezek.
Haurrak ere danborradarik gabe
Sansebastianetako ekitaldi garrantzitsuenetako bat da haur danborrada, eta hiriko haur gehienak Alderdi Ederretik danborra joaz irtetzeko unearen zain egoten dira, egun handia hurbildu ahala. Denek izan nahi dute danbor nagusia eta gainontzeko pertsonaiak, baina aurten ardura hori izan zezaketen eskolek itxaroten jarraitu beharko dute. Bost dira haur ardura euren gain hartzeko gelditzen diren eskolak eta Harri Berri Oleta ikastetxea da horietako bat: “Urtero pertsonaien ardura guri egokitzeko itxaropena izaten dugu, baina beste urtebete itxaron beharko dugu, gutxienez. Bereziki gogorra da seigarren mailakoentzat, beraiek izango liratekeelako pertsonaiak, baina aukera galdu dute”, azaldu du Maria Amador guraso elkarteko kideak. Hala ere, Harri Berrikoek ardura hartzeko egunerako prestatzen jarraituko dute: “Ikastetxe txikia da gurea, eta 80 haur inguru izan ohi ditugu danborradan. Pertsonaien ardura egokitzen zaizunean, haur asko behar dituzu, baina eguna iristen denean aurrera aterako dugu, nola edo hala”.
Haurrei ez jotzeak pena ematen badie ere, danborrada bertan behera gelditu izana ondo daramatela deritzo Amadorrek: “Egoera dela eta, haurrak San Sebastian egunarekin pixka bat ahaztuta daude, baina eguna heltzen denean, ziur faltan botako dutela. Horregatik, bakoitzak bere etxean sinbolikoki zerbait egiten badu, beti gogoratuko ditugu aurtengo sansebastianak”.
Danborra etxean jotzeko
Kaleetan danbor hotsik entzungo ez bada ere, donostiarrek etxean ospatuko dute hiriko egunik handiena, eta danborradako materiala saltzen duten dendek egoerara egokitu behar izan dute. Danborrada.com denda da horren erakusgarri, danborradak hornitzetik herritarrak hornitzera pasa baita: “Ez gara danborradekin harremanetan jartzen ari, zuzenean herritarrekin baizik. Lana badugu”, azaldu du Igor Martinezek, arduradunak.
San Sebastian egunarekin lotura estua du txikitatik Martinezek, eta hainbat danborradatan jotzen du. Zaletasun horrek bultzatuta, Danborrada S.L. sortu zuen 2011n, eta bost urte daramatza Lizarra kaleko dendatik Donostiako eta Euskal Herriko beste hainbat danborrada hornitzen. 2020a urte zaila izan dela kontatu du, baina sansebastianetan indarra jarri dutela nabarmendu du: “Gure aurtengo apustua izan da Bretxan ere denda irekitzea, eta aurtengo ez-festentzako materiala saltzea. Etxean ospatu beharko dugu, eta San Sebastian egunarekin lotutako apaingarri eta material guztia saldu nahi dugu”. Dioenez, jendea atsekabetuta dago: “Askorentzat, danborradarik ez izatea pena handia da. Horregatik, jendea etortzen ari zaigu festa etxean nolabait ospatzeko materiala erostera. Negarrez ere etorri zaizkigu batzuk, danborrada ez egoteak psikologikoki jendeari eragiten baitio”. Oztopo guztien gainetik, negozioak eta hiriak egoera hau gaindituko duela azpimarratu du Martinezek: “Aurrera aterako gara; espero dezagun 2022ko San Sebastian Eguna izugarria izatea”.