Osakidetzak Aieteko anbulatorioaren irekiera ofiziala egin du
Asteartean ireki bazen ere, gaur egin du Osakidetzak Aieteko anbulatorioaren inaugurazio ofiziala. Iñigo Urkullu lehendakariak osasun zentroa bisitatu du, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin, Itziar Perez Donostialdea ESIko kudeatzailearekin eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera. Inaugurazio itxia izan da, eta hedabideek ezin izan dute jarraipena egin.
Anbulatorioak Aieteko 12.500 auzotar ingururi eskainiko die zerbitzua. Sei solairu ditu, eta 2.500 metro karratu erabilgarriko azalera. Zerbitzuei dagokienez, denak asteartetik martxan daude eta ondorengoak dira: familia medikuntzarako zazpi kontsulta, pediatriarako bi kontsulta, erizaintzako zortiz kontsulta, sendaketa gela bat, ateratze gela bat eta proba osagarrietarako beste bat, emakumeari arreta emateko arloa kontsultarekin, miaketa gela eta taldeko jarduerak egiteko gela bat izango ditu.
Era berean, zentroak eguneko arreta anbulatorioko bi unitate jasoko ditu: bat, Gipuzkoako 18 urtetik gorakoen arreta intentsiboko beharrei erantzuteko, eta bestea, 4 eta 11 urte bitarteko umeentzat. Guztira, hamabi kontsulta izango ditu, taldeko tratamendurako zenbait areto, psikomotrizitate-arlo bat eta dagozkion laguntza arloak. Unitate horrek psikiatra, osasun mentaleko erizainak, gizarte-langilea eta terapeuta okupazionalak ditu.
Osasun zentroak urtean, batez beste, Medikuntza Orokorreko 52.200 kontsulta eta Pediatriako 6.200 egitea aurreikusten du. Erizaintzako 27.800 kontsulta, eta 500 ateratze. Horrela, Aieteko auzo horretako herritarrak egiten ari diren eskariari erantzuten zaio; orain arte, Ondarreta, Amara Berri eta Amara Erdialdeko osasun zentroetaraino joan behar zuten, osasun langileekin kontsultak egitera.
Bestalde, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareak Aieteko osasun zentroan aurretik bazeuden eguneko bi egitura anbulatorio lekualdatzen eta birkonfiguratzen ditu: Arreta Goiztiarreko Unitatea eta Eguneko Arreta Intentsiboko Unitatea, lehen Errehabilitazio Psikiatrikoko Unitatea zena. Bi kasuetan, unitateak diseinatzeko, honako hauek ezarritako jarraibideei jarraitu zaie: Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) 2013-2020ko Osasun Mentalari buruzko Ekintza Plana, Euskadiko Osasun Plana, 2013-2020 Euskadirako Osasun Politikak eta 2018-2022ko Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearen Plan Estrategikoa bera.