Ulia mendiaren ezaugarriak ezagutzen ditugu?
Duela bost urte abiaturiko proiektua biribiltzen ari da Uliako Auzo Elkartea. Hiru fasetan egiten ari diren galdeketaren bidez, 700 pertsona baino gehiagoren iritzia jaso dute.
Donostia eta Pasaia artean dago Ulia mendia. Naturgunea ez ezik, hiriko auzoa ere bada. Uliako Auzo Elkartearen ustez, mendia ezaguna bada ere, dituen ezaugarriak ez dira horren ezagunak. Hori dela eta, 2015ean mendiari buruzko galdeketa ireki bat abiatu zuten. Ulia mendiko bisitarien iritzia jaso zuten, eta ezagutzari buruzko tailerrak egin zituzten. Lehen fase hori baliagarria izan zen 2018ko bigarren galdeketa prestatzeko. Horrekin batera, Uliako Plan Bereziaren zirriborroa oinarri hartuta, herritarrei hainbat galdera zuzendu zizkieten mendiari buruzko ezagutza neurtzeko eta planifikazioari buruzko iritziak jasotzeko.
«2010ko Donostiako Plan Orokorrak Uliako Plan Berezia 2012rako onartu behar zela dio, baina lurren arteko talka batek eta zenbait eztabaidek atzeratu dute», nabarmendu du auzo elkarteak. Dokumentuaren zirriborroak dio beharrezkoa dela ondorengoa: «Naturgune hau kontserbatu, bere bioaniztasuna bermatu, degradazioa saihestu eta bertako fauna eta landare espezieen desargepena saihestu eta aldi berean, eraikitako ondarea kontserbatzea. Era berean, hurrengo belaunaldiei honetaz gozatzeko aukera ematea».
Hirugarren eta azken fasea iaz abiatu zuten, eta pandemiak partehartze prozesua oztopatu duenez, zertxobait luzatzea erabaki dute. «Dagoeneko 700 pertsona baino gehiagok parte
hartu dute duela bost urte hasi genuen proiektuan», adierazi du auzo elkarteak. Azken galdetegian Uliaren ezagutzari, kudeaketari eta mantenimenduari buruzko iritzia eman dute herritarrek.
Urtarrila bukaerarako
Inkesta oraindik zabalik badago ere, auzo elkartea bildutako informazioaren memoria prestatzen ari da. Hilabete bukaerarako prest izatea espero dute Donostiako Udalari aurkezteko. Hori egin ondoren, egindako lanaren emaitzak eta ondorioak aurkeztuko dituzte.