Ibaeta Basketentzat izan da Euskal derbia
Ibaeta Basketek ez zuen hutsik egin Araskiren kontra. Hasiera-hasieratik nagusi izan ziren markagailuan, eta partida ona jokatu zuten Azu Muguruzaren taldeak. Zuzeneko aurkaria denez gero, sailkapenerako garrantzitsua zen partida irabaztea. “Ondo atera zaigu. […] Gainera, Mendizorrotzan ez da urtero irabazten, eta oso pozik gaude”, nabarmendu zuen entrenatzaileak partida ostean.
Saskibaloiarekin jarraituz, Gipuzkoa Basketek bigarren partida segidan irabaztea lortu zuen larunbatean, Joventuden aurka. Partida berdindua izan zen, baina azkenean donostiarrentzat izan ziren puntuak. Sasoi honetan irabazi duten laugarren partida izan da asteburukoa. “Izugarrizko ilusioa egiten digu, baina lanean jarraituko dugu. Uste dut atzoko postu berean [azkenekoan] gaudela, baina beste garaipen batekin, eta horrek sinistarazten digu aurrera egin dezakegula”, nabarmendu zune Iñaki Martin bigarren entrenatzaileak. Izan ere, Marcelo Nicolak ezin izan zuen partidan egon koronabirusagatik.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek galdu egin zuten SAD Majadahondaren kontra. Aurretik izan ziren donostiarrak lehenengo bi zatietan, baina azkenekoan madrildarrek partida berdintzea lortu zuten. Azkenik, penaltietan, puntuak etxekoentzat izan ziren. Nabarmentzekoa da Imanol Lasuenek eskuratu zituela donostiarren hiru golak, eta horri esker, kategoriako goleatzaileen sailkapenean, bigarren postuan dagoela.
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 21. jardunaldia
Araski 52 – Ibaeta Basket 60
ACB liga, 20. jardunaldia
Joventud 90 – Gipuzkoa Basket 94
IZOTZ HOCKEYA
Gizonezkoen lehen maila, 12. jardunaldia
SAD Majadahonda 4 – Txuri Urdin 3