Jone Laspiur aktore donostiarra Goya sarietarako izendatu dute
Jone Laspiur (Intxaurrondo, 1995) aktorea Aktore Berri Onenaren Goya sarirako izendatu dute, Ane filman egindako lanagatik. Espainiako zinema akademiak gaur goizean iragarri duenez, Laspiurrez gain, Paula Usero —La boda de Rosa filmagatik—, Milena Smith —No matarás filmagatik— eta Griselda Siciliani —Sentimental filmagatik— proposatu dituzte sari berdinerako. Irabazlea martxoaren 6an izango den galan iragarriko dute.
Guztira, Ane filmak bost izendapen jaso ditu Goya sarietan: Aktore Berri Onena, Film Onena, Zuzendaritza Berri Onena (David P. Sañudorentzat) Emakumezko Aktore Protagonista Onena (Patricia Lopez de Arnaizentzat), eta Egokitutako Gidoi Onena (David P. Sañudorentzat eta Marina Paresentzat). Dena den, David P. Sañudoren filma ez da izendapen gehien jaso dituen euskal filma. Izan ere, Akelarrek, non Laspiurrek ere parte hartzen duen, zortzi proposamen ditu: Produkzio Zuzendaritza Onena, Musika Original Onena, Soinu Onena, Argazki Zuzendaritza Onena, Zuzendaritza Artistiko Onena, Jantzi Diseinu Onena, Makillaje eta Ile-Apainketa Onena, Efektu Berezi Onenak
Bai Ane, bai Akelarre iazko Zinemaldian izan ziren, eta Laspiurrek ere lehen aldiz parte hartu zuen Zinemaldian, bi filmetan, baita Alarde telesailean egindako lanari esker. Hain zuzen, hedabide honek Laspiurrekin hitz egin zuen zinema jaialdiaren ondoren.