Zer giro izango da auzoetan San Sebastian egunean?
Koronabirusak San Sebastian eguna egokitzera derrigortu ditu donostiarrak, baina horrek ez du esan nahi girorik izango ez denik. Udalak antolatutako streaming bidezko emanaldiaz harago, hainbat auzotan, pandemia garaira egokitutako bandera igoerak eta bestelako egitasmoak antolatu dituzte.
Loiola
Loiolako bizilagunek aurten ez dute danborrik edo egurrezko txaparik erosi beharko banderaren igoeran eta jaitsieran parte hartzeko. Izan ere, Loiolatarra eta Zuhaitz danborradek bat egin dute, eta larunbatean materiala banatzen aritu ziren auzoko bizilagunen artean. Era berean, bozgorailuak jarriko dituzte Aralar Mendia eta Zubiondo kaleko balkoietan udalaren seinalearekin sinkronizatuta. Izan ere, streaming bidezko emanaldiak eskainiko ditu Donostiako Udalak. Beste kaleei dagokienez, bi danborradek auzotarrei laguntza eskatu diete. Bestalde, baliteke hilaren 20an haur danborrada bat inprobisatzea Zubiondo kalean, oraindik argitu ez badute ere.
Txomiñene
San Sebastian egunean Lanberri auzo elkarteak amantalak egiteko ikastaro bat egingo du. Auzo elkartearen egoitzan izango da 11:00etan, eta etxeko txikiei zuzendurikoa da. Bestalde, San Sebastian martxa joko dute eguerdiko 12etan, eta danborra eramateko esan diete auzotarrei.
Egia
Bandera igoeraren orduan, Egiako bizilagunak balkoi eta leihoetara ateratzeko deialdia egin dute. Besteak beste, Erlantz Fernandezek tronpeta joko du, bizilagunek hala eskatuta. Konfinamenduan egunero-egunero arratsaldeko 20:00ak pasata tronpeta jotzen aritu zen.
Morlans
Morlanstarrak auzo elkarteak bat egin du San Sebastian egunarekin. Horretarako, bizilagunak etxeetako balkoi eta leihoak apaintzera deitu ditu. Era berean, urtarrilaren 20an, gauerdian San Sebastian Martxa jarriko dute, aurtengo festari hasiera emateko. Era berean, egun horretan, arratsaldeko 20:00etan, sansebastianetako hainbat doinu entzungo dira, Danbor Nagusiak eta Urketari Nagusiak zuzenduta, bizilagunek euren balkoietatik jo ditzaten.
San Martin auzoa
Danborradak atera ezingo direnez, urtero-urtero sortutako giroa eskertzeko egitasmoa abiarazi du San Martin Auzoa plataformak, auzo historikoaren –Aldapeta kaletik Londres hoteleraino doana, Easo kaleko alde bikoitia hartuta– izaera berreskuratzeko helburuarekin sortutako eragileak. Hain zuzen, saltokiak auzoko danborraden jantziekin eta bestelako apaingarriekin apaindu dituzte. Sei dira auzoko danborradak: Amigos del Europa, Donostiako Atletiko, Londres Hotela, Ingeniariak, Ondar Gain eta Anastasio. Hamazazpi saltokit bat egin dute egitasmoarekin: Area Inmobiliaria-n, Ados Mobiliario-n, Ana Kortadi-n, Lobo tabernan, Barayazarra y Casteres-en, Centro Medico San Martin klinikan, Centro Quiropractico San Sebastian klinikan, La Pasteleria de Elena gozotegian, Lanetanen, Justo liburu dendan, MA ile apaindegian, Mendiaraz klinikan, Maloa ile apaindegian, Podologia San Sebastian klinikan, Tocados Oh-n, Un Rincon para Ti arropa dendan eta Why Not?-en.
Bidebieta
Berezko jarduerarik antolatuko ez badute ere, Bidebieta-La Paz bizilagun taldeak eta Auzokide auzo elkarteak Bidebietako bizilagunak euren balkoiak eta etxean apaintzera animatu dituzte, San Sebastian egunarekin eta danborradarekin lotutako apaingarriekin.